Efemerideak
Eguneko efemeridea
Pedro Arrupe hil zela 27 urte
1991ko otsailaren 5ean hil zen Erroman, Jesusen Lagundian zein Eliza barruan arrasto handia utziz.
-
Pedro Arrupe. Argazkia: Wikipedia
3:53 min
Gaurko efemeridean Pedro Arrupe gogoratu dugu. Duela 27 urte hil zen Erroman, eta Jesusen Lagundian eta Eliza barruan arrasto handia utzi zuen. Bere bizitzaren errepasoa egin dugu.
1907an jaio zen Bilbon Pedro Arrupe. Aita arkitektoa, La Gaceta del Norte egunkariko sortzaileetako bat. Ama oso gazte zela hil zitzaion.
Pedro Arrupe umetatik nabarmendu zen ikasketetan, lehendabizi Bilboko Eskolapioetan eta gero medikuntzan Madrilgo San Carlos fakultatean. Severo Ochoarekin batera ikasi zuen eta medikuntza ez bazuen bukatu ere, Ochoak esan zuen ez zuela urteko sari berezia jaso fakultatean, Arrupek kendu egin ziolako.
Lurdesera bere arrebekin egindako bidaiak bultzatu zuen medikuntza utzi eta Loiolara joatera, Koldo Katxo jesuitak esna digunez.
Pedro Arruperen bizitzan beste mugarria 1931n Espainian Errepublika aldarrikatu zutenean izan zen. Jesuitak estatutik kanporatu eta Arrupe Belgikan eta Estatu Batuetan ibili zen bere ikasketak osatzen.
38an heldu zitzaion berak hainbeste desiatzen zuen Japoniako destinoa. 27 urtez bizi izan zen han, eta esaten zuen Japoniak ikaragarri eman ziola, berak Japoniari eman ziona baino askoz gehiago. Japonian, zuzez-zuzenean bizi izan zituen Hiroshiman estatubatuarrek botatako bonba atomikoaren ondorioak. Hiroshimatik oso gertu bizi zen, eta erietxebihurtu zuen seminarioa. Hurrengo urteetan, mundu guztian eman zuen ezagutzera Hiroshiman gertaturikoa.
Pentsamendu horrek arerioak ekarri zizkion Vatikanon, baita Jesusen Lagundia erakundearen barruan ere. Jesuiten buru izendatu zutenean, Arrupek garbi esan zuen fedea eta justizia defendatzea zela bere misioa. Behartsu eta errefuxiatuen alde ere lan eskerga egin zuen. Juan Pablo II.ak Pedro Arruperen beatifikazioa geldiarazi bazuen ere, noizbait hori ere helduko dela uste du Koldo Otxoak.
10 urte egin zituen gaixorik Arrupek, eta gaurko egunez, 1991n hil zen Erroman. Frantzisko aita santu izendatu zutenean, Arruperen hilobira joan, eta eskuarekin laztandu zuen Arruperen oroitarria.