Amarauna
Elkarrizketa
Maite Carreras arrasatearra Londresko zientzia museoan ingeniari gazte onenen erakusketan jarri dute
32 urteko ingenariaren ibilbideaz eta lanaz aritu gara berekin hizkietan.
-
Maite Carreras ingeniaria
20:52 min
Mondragon Unibertsitatean ikasi zuen. Ingeniaritza aeronatuikoa egin nahi zuen, baina azkenean, aitaren lagun baten gomendioa jarraituta, ingeniaritza elektroniko industriala egin zuen. Hala ere, bere ibilbideak beti eraman du espaziorantz, bere gurasoek NASAra eraman zuten neskato haren grinak etengabe horretara bultzatuko balu bezala.
Bide horri helduta, Okzitaniako Tolosara joan zen, industria aerospazialaren munduko erreferentzia den hirira. Airbusen hasi zen gero lanean, abioien diseinuan, baina artista batek sortzeko inspirazioa behar duen bezala, Maitek irudimen gehiagoko lana behar zuen aurrera egiteko. Airbusekin One Web enpresa britainiarrarentzat beharrean hasi zen eta, orduan ere, elektrizitatera mugatuegi ari zelaz jabetuta, norabidea aldatu zuen beranduegi izan baino lehen eta One Web enpresarekin Londresera joan zen. Haientzat jarraitzen du lanean baina Tolosatik.
Mundua hobetzeko nahiak bultzatuta lan egiten duen ingeniari arrasatear gazte hau irudikatzerakoan,
ez imaginatu makina bat, ez pentsatu helburu kalkulatuak baino ez dituen zientzialari bat dela. Irudika ezazue mundua aldatzeko grina duen sormen handiko pertsona bat, esanen nuke ia zientza alorreko artista bat dela esan beharko genukeela.
Txikitan gurasoek espazioko agentziara eraman zuten bezala, oraingoan bera izan da bere gurasoak eta ahizpa eskutik helduta Londresko Zientzia Museoera eraman dituena, San Juan bezperan, bere amaren urtebetetze egunean, amari alaba batek egin dakiokeen oparirik onena eskainiz: urteotan etxetik urrun egin dituen lan ordu guztien emaitza ikustera eramatea Londresko Zeintzia Museora.
Bertan ingeniari gazte onenen erakusketan bere lana eta bere irudia paratu dute, denen bistan jarrita, munduak ikus eta ikas dezan, ingeniariak ez direla robotak, ingeniariek gure bizitza hobetzeko pasioz beteriko langile amorratu bezain irudimentsuak diren talentudun pertsonak direla. Eta Maite bere alorrean aitzindairia izan dela.