Amarauna
Altzoko Handia
Munduan Eleizegi Erraldoia, EHan Altzoko Handia eta Altzon Gure Haundie
Turismoaren gorakada ere "handia" izango ote da Altzon? Filmaren estreinaldiak eraginik izango ote du 400 biztanleko herri bizi polit honetan? Amarauna Altzon izan da herritarrekin hizketan
-
Handia
15:52 min
Altzoko Haundie, Haundiya, erraldoia, jigantea… Handia filma Zinemaldiko sail ofizialean da Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzenduta. Turismoaren gorakada ere "handia" izango ote da Altzon? 'Amarauna' Altzon izan da herritarrekin hizketan: Joseba Elduaien alkatea, Lurdes Murua zinegotzia, Antton Aiestaran herritarren batzordeko kidea eta herriko haurrak eta gaztetxoak.
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.
Migel Joakin Eleizegi Arteaga XIX. mendearen hasieran Gipuzkoako Altzo herri txikian jaio zen. Etengabe handitzen eta handitzen ari zen, 2 metro eta 42 zentimetro neurtu zituen arte, 20 urte zituela konturatu ziren gaitza zuela. 39 zentimetroko zapatak, 31 zentimetroko eskularruak, jantzi denak neurrira egindakoak…
Gizon ikusgarria zen beraz, eta bere familiak zirku eta espektakuluaren munduan sartu zuen. Kontua da Migel Joakin, Altzoko handia, herriz herri ibili zela, edo zutela, bere handitasuna erakusteko. Euskal Herritik kanpora ere bidaiak egin zituen Espainian eta gero Europan barrena: Portugal, Frantzia, Ingalaterran… Bidaia denen ostean altzora itzuli eta 43 urterekin hil zen Altzoko Haundie.