Itxi

Amarauna

Igandean

Bergarako Kilometroak festaren jarraipen zabala, 'Amarauna' saioan

Nagore Telleriak zuzentzen duen saioak Hungaria eta Kolonbiako galdeketei ere egingo die jarraipena, Ane Irazabal eta Arantxi Padilla kazetarien eskutik.

'Amarauna' saioak Bergaran egingo den Kilometroak festaren jarraipen zabala egingo du igande honetan. Arantxa Artza kazetaria izango da bertan, 'Demasa' lelopean egingo duten festaren nondik norakoak kontatzeko. Ane Barruso Arantzadi ikastolako zuzendaria elkarrizketatuko du, baita Kilometroak festaren 40 urteko historiaren inguruan hausnarketa egin duten Joseba Aginagalde eta Mikel Egibar ere.

Nazioarteari ere begiratua egingo dio igandean 'Amarauna' saioak. Kolonbian bake hitzarmenaz egingo duten bozketaz ariko da Arantxi Padilla kazetaria. Ia 6 urte eman ditu Kolonbian Padillak, eta Euskal Herrira itzuli berritan, azken urteotan elkarbizitzaren alde egin diren ekimenen berri emango du. Hungariara begira ere jarriko gara, Ane Irazabal kazetariaren eskutik. Hor ere galdeketa egingo dute igandean, Europar Batasunak ezarritako errefuxiatuen kuotak onartu ala ez galdetzeko.

Teknologiari lotutako atala izango da 12:00etatik aurrera 'Amarauna' saioan, Euskal Herrian sortu eta jadanik martxan diren proiektu berritzaileak ezagutuko ditugu: sarrailak ireki eta ixteko telefono bidezko kontrol sistema eta errealitate birtualari esker industria eta osasun arloko langileak trebatzeko aplikazioa, besteak beste.

Amarauna, Euskadi Irratian, larunbat eta igandeetan, 10:00etatik 11:00etara.

tik 11:00etara.