30 urte
Euskadi Irratiak 30 urte
Azaroko fruituak
Felipe Juaristi
Euskadi Irratia
Felipe Juaristik, Euskadi Irratiko zuzendariak, 30. urteurreneko sari banaketan eskaini zuen idatzia.
-
Felipe Juaristi
1
Azaroak ekarri duen lasaitasunaren erdian, itsasoa baretu da, haize epelari errendituz. Kaleak lasaiago daude, eta hostoak hasi dira kolorea hartzen, Kantauri itsaso honen magalean. Bigarren geruza jarri diote asfaltoari, bera bigunduz. Eguzkiak ere beste kolorea hartzen du, agertzen denean. Askoz gorriagoa da, eta berogoa. Hiriko estatuek ere badirudi arnasa txikia hartu dutela, eta ibiltzen hasi dira, nora doazen ez dakiten gizakiak bezala.
Azaroaren hogeita hiru honetan gogo berezi batek asaldatzen gaitu: nahi genuke iraganeko malenkoniak oro sorbaldan hartu eta urpera bota. Oroitzeak beti dakar berarekin malenkonia euritsua, eskuetatik behera irristatzen dena eta bihotza bustitzen duena.
Oroimena komunikazioa baino gehiago da.
Oroimena ur freskoa da, poliki-poliki edan beharrekoa minik egin ez dezan.
Pentsamenduak isurtzen dira, kantari.
Orain hogeita hamar urte gizon-emakume batzuk adi egon ziren Euskadi Irratitik, ahots iturritik, zer aterako ote, berri eta samur. Etorkizuna irudimenean baino ez zegoen. Gidari zuten pasio bortitz bat, gertatzen ari zena historikoa ez ezik, historia literaturaren azpi atala baita, handia ere bai. Erredakzioko leihotik itsasoa ikusten zen, eta haratago ametsen lurraldea: bakoitzak bere amodio eta grinak kokatuak zituen espazio infinitua. Zuhaitzak ere ikusgarri ziren, eta musika bat zebilen airean, itxaropenak soilik jo dezakeena, tronpeta eta biolinik gabe. Txoriak ohartu ziren gertaerak zuen garrantziaz eta galaz jantzirik orfeoi baten modura hasi ziren, haiek ere kantatzen.
Azaroaren 23a zen, Euskadi irratiak bere lehen emisioa airean utzi zuen eguna, leunki. Joan eta etortzeko bidea egiten duten suspirioak bezala.
Hitzak ziren, baina izan zitezkeen hodeiak. Pasatzen dira zeruan zehar, eta bakardadea janzten dute itxura oneko soinekoez.
Ilargia ere galaz jantzi zen halako egunean.
Oso urruti dago hura. Beste herri batean gertatu zela ematen du. Gazteagoak ginen, eta mundua sortu zuten, soinuz eta ahotsez moldatutako mundua.
2
Zer da inoren eskuek sekula ukitu ez duten gorputza?
Zer da itsasoa, inork begiratuko ez balio eta inork ur horietan bere iragana ikusiko ez balu?
Zer da begirada bat, inori begiratzerik ez badu, inoren begietan finkatzen ez bada?
Zer da barrea, bere baitan ixten bada, inori ireki gabe, inor kutsatu gabe?
Zer da negarra, lagunaren erraietan izozten ez bada?
Zer dira malkoak, arrain begiak ez badira?
Zertarako hitza, zabalduko ez balitz eta jendearen etxeetan sarturik irudi gozoak eta maitasunezkoak ekarriko ez balitu?
Zer da irratia, inork entzuten ez badu?
Zer da irratia, memoriaren ekarle ez bada?
3
Nola adierazi hitzez hogeita hamar urte hauetan gertatutakoa. Nondik hasi? Hitza airean jarri eta bere kasa ibiltzen hasten denetik?
Emakume bat, gizon batekin, ikusten dut. Elkarrekin daude, baina ez dira ausartzen gertatuko dena abiarazten. Badakite zer gertatuko den, baina oraindik ez da gertatu. Beso bat dabil gerrirainoko bidea egiteko prest, baina oso luzea izango du ibilbidea, ez denbora kontuetan, irudimenaren neurgailuari begiratuta baizik.
Irratia ere gauza handirik ez zen, sortutakoan.
Eta hala behar zuen. Zer zegoen orain hogeita hamar urte?, edo hobeto esanda zer egon behar zuen, orain hogeita hamar, orduan ez zegoena?
Poza zegoen, eta ilusioa, eta aurrera jotzeko gogoa.
Irratia sortu zen, eta bere hitzak harridura ekarri zuen. Eta harridurak atea ireki zien galderei: zertarako? zergatik? non?
Non da zorionaren itsasoa?
Denok zoriontsuago izan ginenen, orain hogeita hamar urte.
Irratiak gerritik hartu zion denborari, eta berarekin eraman zuen dantzatzera.
4
Hogeita hamar udazken ikusi ditugu ordutik hona.
Hogeita hamar baino gehiago haize boladak, zuhaitzen adarrak kolokan jarri, eta hosto batzuk kulunkan. Hogeita hamar baino gehiago hitz joanak, eta sekula ez etorriak. Hogeita hamar baino ezbehar eta zoritxarreko gertakari; hogeita hamar baino gehiago zorionekoak.
Ba al da memoriarik hogeita hamar urte horietako kronika egin dezan.
Papera horitzen da hogeita hamar urte igarota.
Liburuak lizuntzen dira, eta sekretuei ihes egiten uzten diete.
Gizakiak ahanzten du mingarri zaiona, edo estaltzen du bera, ikusgarri ez egiteko. Pilulak toki guztietan daude, eta ahazteko bezala balio dute gogoratzeko.
Baina badira ahanzten ez diren kontuak, lehen tximistaren argi azkarra, lehen eskolako liburua, lehen amodioa eta lehen desengainua, noski. Ahanzten ez direlako harritzen gaitu oraindik tximistaren zaldi lasterketa zeruan; hartzen dugu berriro hautsez betetako dagoen liburu hura, hantxe ikasi baikenituen letrak eta hitzak eta numeroak. Maitatzen dugu, lehen aldia balitz bezala.
Euskadi Irratiaren lehen emisioa ez dugu ahantzi, eta horregatik entzuten dugun bakoitzean hasierako hura datorkigu burura.