30 urte
Euskadi Irratiak 30 urte
Urteak ez dira alferrik pasatzen sekula
Felipe Juaristi
Euskadi Irratia
Ondo bete daitezke, konformidadean; edo gaizki bete daitezke, etsipenean.
-
Euskadi Irratiko 30. urteurreneko kamiseten aurkezpena. Argazkia: EITB
Urte guztiak ere ez dira berdinak: batzuk emankorragoak dira; besteak antzuagoak, alferrikakotasun zaporea uzten dutenak, minutuak eta orduak eta egunak ahul eta arrastaka pasa balira bezala. Urte batzuek mendearen pisua dute; eta beste batzuek, txantxangorri baten arintasuna.
Euskadi Irratiak hogeita hamar urte beteko ditu aurki, azaro beltzean, neguko fruitua baita. Ezin esan urte horiek guztiak errazak izan direnik (memoria lausotzen da gogoratu nahian). Bereziki zailak izan dira, bizitza bera ere zaila izan baita Europako zatitxo honetan.
Baina unerik latzenetan ere, herioren konpainiak sabela estutzen eta begiak ixten zizkigunean, negar egiteko gogoak erasaten gintuenean, gonbitoka hasteko zorian geundenean, irratiak lagun egin digu, gure barrena lasaitzen, gure bihotzera haize freskoa ekartzen.
Zorionez, beste jokaldi bati ekinak gara, beste denboraldi berri baten hasieran gaude. Pozik egoteko motiboak dauzkagu; eta pozik bizi denak irribarrez begiratzen dio orainari, burla haizez iraganari eta adiskidetasunez geroari. Poza dakarrena beti da ona; eta ona dena pozgarria da oso. Tristezia ez da ona, gorputz-arimak lausotzen baititu.
Irratiak hogeita hamar urte hauek iraun baditu maitasunagatik izan da. Gizarteak, oro har, Euskadi Irratian, eta EITBn, jarritako maitasunagatik; entzuleek bereziki irratian eta irratiko programetan jarritako maitasunagatik, irratiko erredaktore eta langile orok jarritako maitasunagatik.
Maitasunak eraiki eta eraikitzen du mundua une oro, besten ona bilatzen baitu, besteen zoriona, besteen plazerra.
Gaurko goiza pozgarri horietakoa da. Argiaren gordelekua den Museo batean gaude, San Telmo Museoan hain zuzen. Artista den orok argia bilatu behar du, egiarekin batera. Argiaren aldean den-dena funtsgabe bihurtzen baita, ilaun eta iluna. Argiaren azpian denak hartzen ditu bere forma eta koloreak.
Hogeita hamar urte beteko ditugu. Umiltasunez diogu, hemen, jendearen aurrean, egin dugunaz gain, asko geratzen baitzaigu egiteko.
Krisi ekonomikoa pairatu dugu denbora gutxian, baina krisirik garrantzitsuena irudimen falta da. Horregatik ez dira gelditu gure ilusioa, ez da gutxitu gure ametsen kopurua ere.
Irrati hobea, eta pluralagoa egin daitekeela sinestea egunero bultzatzen gaitu lanera, autobusa balitz bezala, ametsak bizigarri baitira, eta aurrera bultzatzen gaitu.
Aurrera begira bi programa berri aurkeztu nahi ditut.
Musikatea, Fermin Etxegoien.
Musumin, Juan Garziarena.
Musika programak dira; desberdinak biak.
Musumin maitasun kanta da, eta jakinekoa da maitasuna baloratzen ez duena ez dela bizitza baloratzeko gai.
Musikatea bizitza da, bere gordinean eta bere bigunean.
Maitasunak musikaren ideia ekartzen ez badigu ere; musikak maitasuna adierazten digu, bere onean eta bere txarrean. Ezin da ulertu bata besterik gabe.
Musika maite duenak hitza ere maite du.
Irratiaren muinera goaz beraz: musika, soinua, hitza, afektuak…
Eta isiltasuna noiz behinka.