Euskadi Irratia
Elkarrizketa
Mendia: 'Bide guztiak aztertzen ari gara PPren murrizketak saihesteko'
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du ez dituztela neurriak konpartitzen eta "bide juridiko guztiak" aztertuko dituztela EAEn eragina izan ez dezaten.
-
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EITB
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du "bide juridiko guztiak" aztertzen ari direla Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak Osasun eta Hezkuntza alorretan ezarri nahi dituen murrizketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez ezartzeko.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Jaurlaritzak ez ditu konpartitzen PPren neurri horiek eta neurriak hartzeko prozeduran ere akatsak izan direla uste du.
Izan ere, Mendiak uste du Gobernuak ez dituela eskumenak errespetatu eta erabakiak "erkidegoekin" hartu behar zituela.
"Neurriak ez aplikatzeko dauden bide juridiko guztiak aztertzen ari gara. Hala ere, Jaurlaritza ez da intsumisoa izango, herritarrei legea betetzeko eskatzen badiegu ezin diogu guk betebehar horri muzin egin", gaineratu du.
Akordioa PPrekin
Rajoyren neurriek Jaurlaritzan PPrekin duten akordioa kaltetu ote duen galdetuta, Mendiak esan du itunak "funtzionatzen" duela, nahiz eta PPkoei "argi" esan dieten ez dituztela ulertzen "euren Espainiako Gobernua" hartzen ari den neurriak.
Gainera, EAEko PPk "ulertzen" omen du hori, izan ere, "Euskadin eredu propioa daukagu, defizita murrizten ari gara, erreformak egiten, baina zerbitzu publiko guztiak mantentzen eta berriak ematen. Gainera, sektore ekonomiko guztiei eta familiei laguntzen ari gara".
Maniobra militarrak Elgetan
Beste alde batetik, Espainiako Armadak asteartean Elgetan (Intxortako frontea erori zeneko 75. urteurrenean) egindako maniobrei buruz galdetu diote Mendiari, eta Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du "kasualitatea izan ez bada, oso larria" izan dela eta "azalpenak" eman beharko dituztela.
Era berean, eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, memoriaren garrantzia aldarrikatu du Mendiak, eta "belaunaldi berriei transmititu" behar zaiela azpimarratu du.