Euskadi Irratia
Euskadi Irratiaren eskutik
Baionatik Bilbora kontzertua, arrakastatsua eta hunkigarria
A.A.
EITB
Pantxoa eta Peio, Errobi, Erramun Martikorena eta Iparraldeko beste kantarien emanaldiarekin gozatu zuten ikus-entzuleek.
-
Euskadi Irratiko zuzendaria, Felipe Juaristi, Baionatik Bolbora kontzertuko kideekin
Bart gauean egin den Baionatik Bilbora kontzertua arrakastatsua izan da. Bilboko Euskalduna Jauregira bildu ziren 2.300 lagunek gozatu ederra hartu zuten Iparraldeko kantarien eskutik. Protagonistek zein ikus-entzuleek une hunkigarriak bizi izan zituzten, aspaldiko garaiak gogoratuz eta elkarrekin abestuz.
Euskadi Irratiaren eta Elkar argilatetxearen ekimen honi esker, Iparraldeko abeslari guztiak taula gainean ikusi genituen lehen aldiz, belaunaldi ezberdinetako kantari eta musikariak elkarrekin. Gertaera historikoa ezbairik gabe, eta enblematikoa ere bai: Pantxoa eta Peioren azken agerpenetako bat izan baitzen eta Errobi talde mitikoa 30 urte ondoren taularatu zelako. Eurenak izan ziren, gainera, emanaldirik txalotuenak, Erramun Martikorenaren saioarekin batera.
Eurekin batera, Niko Etxart, Etxamendi eta Larralde, Naia Robles, Bidaia, Maialen Errotabehere, Kantiruki eta Kalakan taldeak aritu ziren, Maider Segurolak aurkeztutako gau-emanaldi paregabean.
Euskal Herriko kantagintzaren eta kulturaren historian Iparraldeko eragina garrantzitsua izan dela baieztatu ahal izan zuten Baionatik Bilbora ikuskizuna zuzenean jarraitu zuten lagunek. Eta ETB-1eko ikus-entzuleek ere horretarako aukera izango dute Gabon Egunean, gaueko bederatzietatik aurrera egingo den telebistako emanaldian.