Euskadi Irratia
Martxoaren 8an hasita
'Faktoria Gertu' ekimen berria, Euskadi Irratian, astelehenetik aurrera
EITB Media
Astelehenero solas tartea izango du Iñaki Guridik irratian bi gonbidaturekin, eta ondoren eitb.eus wegunean ikusi eta entzun ahal izango da saioa.
Astelehenean, martxoaren 8an, Faktoria Gertu ekimena jarriko du abian Euskadi Irratiak. Iñaki Guridi "Albiste Faktoria"ren aurkezleak bi gonbidaturekin izandako solas tarte patxadatsuak izango dira. Xedea da covid-19ak markatutako garai honetan aurrera begiratzeko tarte bat zabaltzea.
Diziplina desberdinetan aritzen diren lagunek (kultura, zientzia, kirola, ekonomia edo gizarte gaiak ogibide dituztenak) buruan dituzten gogoetak, proiektuak eta ideiak partekatuko dituzte. Urtebetean izandako ikasgaiak aipatu, esku artean dituzten proiektuak azaldu, gizarteari buruz egiten duten irakurketa, indarguneak eta ahuleziak, helduleku izan dituzten ideia eta irakurgaiak...
Hizketaldi hauek, ordea, ez dira irratirako bakarrik pentsatu. Entzun ez ezik, ikusi ere egin ahalko dira, plato batean grabatuko baitira, kamera aurrean. Astelehenean, "Albiste Faktoria"n, 08:30ean, entzuteaz gainera, jarraian eitb.eus-eko webgunean, Euskadi Irratiaren atarian, argitaratzea da asmoa, eta sareetan mugitzea.
Hasteko, estreinaldiko elkarrizketan, martxoaren 8an, bi emakumerekin hitz egingo du Guridik. Bata, zientzia mundukoa: Maialen Arrieta, Astrofisikan doktorea eta Endekapenezko Gaixotasunen Bioinformatikaria Parisko Sorbona unibertsitatean. Bestea, letren arlokoa: Miren Amuriza, filologo, bertsolari eta idazlea (Basa liburuaren egilea). Pandemiaren inguruko bizipenak, feminismoa, aitzindari izatea eta zaintza izango dira, besteak beste, mintzaldi honetako hariak.
Martxoaren 15ean, halaber, unibertsitateko bi irakasle izango dituzte solaskide Faktoria Gertu-n: Itziar Laka euskal hizkuntzalaria eta Gorka Azkune informatikari eta adimen artifizialean aditua.
Hirugarren atalean, Aitzol Atutxa aizkolari txapelduna eta Omar Diop mantentze teknikari eta ETBko "Hondar Ahoak" telesaileko aktorea hartuko dituzte. Beste hiru saio ere izango dira (martxoaren 29an, apirilaren 5ean eta apirilaren 12an), baina oraindik zehaztu gabe dago elkarrizketatuak zeintzuk izango diren.
Lehen elkarrizketaren aurrerapena: