Itxi

prentsa oharrak

Donostian

'Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz' diskoa aurkeztu da

A.E.

EITB

Euskadi Irratiak eta Elkarrek abian jarri duten ekimen honetan 20 abeslari eta taldek hartzen dute parte.

00:30
'Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz': Eskura ezazu!

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz diskoa aurkeztu dute ostiral honetan, urriaren 21ean, Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak, Anjel Valdes Elkar diskoetxeko musika arduradunak, Daniel Landart Euskal Kultur Erakundearen ordezkariak, Naia Robles kantariak eta Kalakan taldeko kideek Donostian.

Disko honetan 20 abeslari eta taldek hartzen dute parte: Beñat Achiary, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Kantiruki, Erramun Martikorena, Etxamendi eta Larralde, Mixel Laberguerie, Jean Mixe Bedaxagar, Aritzak, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Jean Bordaxar, Isabelle Jaury, Amaren Alabak, Errobi, Kalakan, Mixel Arotze, Piel Paul Berzaitz, Guk Taldea eta Naia Robles.

Iparraldeak euskal kantutegian duen pisuaz eta garrantziaz konturatua, Elkarrek eta Euskadi Irratiak abian jarritako ekimena da. Ipar Euskal Herria gure kantagintzaren habia da. Iparraldekoen errepertorioak eta kantariak, zalantzarik gabe, oso garrantzitsuak izan dira beti gure herri-nortasuna elikatzeko.

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz, diskoa ez ezik, beste bi hanka dituen proiektuaren zatia ere bada. Hartara, diskoan parte hartu duten guztiek Bilboko Euskalduna Jauregian abenduaren 20an eta gaueko 20:00etan kontzertua eskainiko dute zuzenean eta ETBk grabatuko du aurrerago telebistaz eskaintzeko.

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz sarean

Proiektuaren hirugarren hanka web gunea da: Iparraldeko kantagintza online jartzeko ahalegina. Asmo berritzaile honen bidez, gaika eta abeslariz apurka-apurka ari dira sartzen abestiak. Eitb.com atarian sartuta edo zuzenean web-an topatu daitezke kantu hauek. Spotify-en itunes-en eta Dieezer-en bidez eskura daitezke.

Dagoeneko Niko Etxart eta Anje Duhalde badaude webgune horretan eta baita amodiozko kantei eskainitako atala. Maiatzera bitartean joango da webgunea osotzen eta aberasten.