Euskadi Irratia
Euskadi Irratia Gertu
Udako programazioaren suziria piztu du Euskadi Irratiak
EiTB
2020ko uda berezia izango da. Horregatik, piztuko ez diren txupinazoengatik, keinua egin nahi izan dute udan arituko diren lantaldeek.
2020ko uda berezia izango denez, suziria piztu dute udan arituko diren Euskadi Irratiko lantaldeek, piztuko ez diren txupinazoei keinu eginez. Ospatuko ez diren jaietan, atzeratuta datozen kirol-lehiaketetan eta egunean eguneko albisteen berri ematen, entzuleen etxeetatik gertu egon nahi du, udan ere, EiTB Taldeko irratiak.
Alarma-egoera indarrean sartu zenean bezala, Euskadi Irratiak unean unekoari erantzungo dio udan ere, ekainaren 29tik irailaren 7ra. Uda hau gogoratzekoa izango da. Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo direla kontuan izanda, albistegiek ohiko martxari eutsiko diote. Hauteskunde kanpainak, hauteskunde egunak eta gauak gertuko jarraipena izango dute, Maite Artola eta Iñaki Guridi gidari duten lantaldeen eskutik.
Gorka Otaegi izan da, halere, 2020ko udako programazioaren txupinazoa piztu eta pregoia irakurri duena EiTBren Miramongo egoitzan egin den ekitaldian. Uda goizetako magazina, "Udako Faktoria" aurkeztuko du berak, 10:00ak eta 13:00ak bitartean uztailean eta ordubete lehenago hasita abuztuan. Abuztuaren 3tik aurrera, Gari Udaberen "Blai" saioak osatuko du Euskadi Irratiko goiza, 12:00etatik 13:00etara.
Albistegiaren ostean, Joseina Etxeberria arituko zaigu udan ere "Kantu Kontari" eta Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok ekarriko dizkigute euren gonbidatuen "Bihotzeko Fonoteka"k.
Olaia Urtiagak eta bere lantaldeak girotuko dizkigute uztaileko arratsaldeak "Baipasa" saioarekin, 17:00etatik 19:00etara, eta ahots gazteei emango diete txanda abuztuan, Eneritz Aulestiaren eskutik.
Alaia Martin bertsolaria ere gerturatu da irratiko balkoi berezi honetara, uda honetan estreinatuko duen "Herritmia" saioaren izenean. Astelehenero, 20:00etatik aurrera, herriz herri ibiliko da Alaia Martin, tokian tokiko kondairak, lanbideak, toponimia eta umore propioa ezagutzeko.
Bere hitzetan, "herri bakoitzaren taupadak neurtzera noan kardiologa baten paperean jarri naiz, galdetu eta entzutera joan ostean entzuleei gure herri txikietako erradiografia eman nahiko nieke". Gipuzkoako Itsasora egingo du lehen bisita, ekainaren 29an.
Bestalde, larunbat eta igande goizetan, "Amarauna"k egingo digu konpainia. Ohiko kolaborazioei gehituko zaizkie udan Eneko Atxa sukaldaria, Lander Garro idazlea edo Thierry Biscary musikaria, besteak beste.
Arraunlarien eta txirrindularien festak ere hasi dira
Udaro bezala, eta aurten bereziki, arraunari begira izango da Euskadi Irratia Manu Maritxalarren gidaritzapean. "Tostartean" saioa, ostiraletik astelehenera, gauero izango da, 22:00etatik aurrera, eta, larunbat eta igandeetan, Eusko Label eta EuskoTren ligetako estropaden zuzeneko emankizuna izango dugu Euskadi Irratian.
Abuztuaren 29tik aurrera, txirrindularien txanda izango da. Joxe Mari Apaolaza buru dutela, Jon Altuna, Mikel Astarloza eta Eugenio Goikoetxea arituko dira Tourra, Giroa eta Vuelta kontatzen.
Abuztu amaieran, Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finalerdiak eta finala bera jarraituko ditu Maitane Urbietak berezkoa duen pasioz.
Horiek eta kirol munduko gainerako guztiak, "Kirol Legez" eta "Hiru Erregeen Mahaia" saioetan.