Euskadi Irratia
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Eguigurenek uste du ETA ez dela berriz antolatzen ari
Erredakzioa
PSE-EEko presidentearen aburuz, erakunde terroristaren azken mugimenduek "beste azalpen" bat izan behar dute. Halaber, bake-prozesua "uste baino hobeto" doala adierazi du.
-
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea, gaur Euskadi Irratian. EITB
"Nire iritzia ematea nahi baduzu, uste dut ez dela berrantolaketa bat. Tregoa batek ez du esan nahi zulo batean ezkutatuko direla eta geldi geratuko direla. Ez dakit noraino atera daitezkeen ondorioak gertatu denarekin, azalpen gehiago ere bila daitezke, baina ni ez naiz aditu antiterrorista", gaineratu du, gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa batean.
Buruzagi sozialistaren iritziz, "azken egunetan okertu ez bada", bake-prozesua "izugarri ondo doa, uste baino hobeto", aurreko prozesuaren "bigarren zatia" den honetan aldeek "neurriak" hartu baitituzte porrot egin ez dezan.
Eguigurenek gogorarazi du ETA aro berri honetan sartu bada, "Batasunak bultzatuta" izan dela, "ez damutzen delako edo kaprixo bategatik". "Behartu egin dituzte, eta gauzak ondo egiten ez badira, ezin da baztertu berriz itzuliko direnik. Gobernuak eta Estatuak politika egin behar dute, hori gerta ez dadin".
Sorturi buruz, PSE-EEko presidentea ziur agertu da legeztatu egingo dutela, "baina ez dakit noiz": "Kontra dauden epaileek ere aitortu dute baldintzak betetzen dituela, baina ez direla fio".