Itxi

prentsa oharrak

"Urrezko Diskoa"

'I´m Not There', artista munduaren disko-oparia Bob Dylan maixuari

O.K.

Euskadi Irratia

Zaleek, ikuspegi berri eta fresko batetik landuta aditu ahal izango dituzte betiko kantak. Dylan-en ahotsa maite ez dutenek berriz, haren sorkuntza lana ezagutzeko aukera paregabea izango dute.

Rockaren historiak izan duen kantu egilerik oparoenetakoa da Bob Dylan. Baita musikarien artean itzalik handienetakoa duena ere. Ikusi besterik ez dago zenbat bakarlarik eta taldek jo duen Dylanen kantuetara material bila. Batzuetan inspirazio iturri modura jo dute eta sarri askotan gai hoien berrinterprezio bat egiteko asmoz eta gogotan.

Ba hain juxtu ere berrinterpretazioaren ildotik omendu zuen artista munduak, 2007 urtean, Bob Dylan maixua. Lehenik, film ez konbentzional eta arriskatu bat landu zuten haren biografia kontatzeko. Dylanen multidimentsionaltasuna azpimarratzea zen helburua. Horretarako, 6 aktore desberdin erabili zituzten filmean, Dylanen alter ego gisa.

Soinu bandarako aukeratuko zuten kanta sorta zabalean ere helburu bera ikusten da. Dylan-en dimentsio anitzak nabarmentzea: Dylan rockeroa, Dylan folk-zalea, kantari gazte konprometitua edota gizon espirituala. Dylan-mota guztiak aurkituko ditugu soinu bandan barrena. Baina ez bere ahotsean. Bob Dylan-en ohiko ingurukoak ez diren bakarlari eta taldeek interpretatuta baizik. Arras desberdinak sentsibilitate eta estilo aldetik, bai Dylanekin parekatuta eta baita elkarren artean ere. Emaitza ordea, lan koherente bat izan da; zinez interesgarria. Eta horixe da omenaldiaren bigarren zati modura datorkiguna. Hain zuzen ere soinu bandaren CD-rako bertsioa.

Filmaren izen bera du esku artean darabilgun CD bikoitz honek, “I’m Not There” (Ez Nago Hor) eta zalantzarik gabe bi publiko motari zuzendua dator.

Dylan-zaleek, ikuspegi berri eta fresko batetik landuta aditu ahal izango dituzte maixuaren ahotsean ehunka edo milaka aldiz entzundako kantak. Berrituta baina, zorionez, abestiaren nortasuna galdu gabe.

Dylan-en ahotsa maite ez dutenek berriz, haren sorkuntza lana ezagutzeko aukera paregabea dute bilduma honetako 34 abestien bidez. Guztiak ere bi diskotan barrena banatuta daude eta azpiko tauletan ikus daiteke zein artistak interpretatzen duen kanta bakoitza. Abesti guztien arteko moldaketa bakar bat nabarmendu beharko balitz honako hau hartuko genuke filmetik. Hain juxtu ere, Dylan-en paperean ari den mutiko afro-amerikarrak kantatzen duena.

Lan kontzeptual hau biribiltzen duen beste datu bat ere badago. Bildumari izena ematen dion kanta - “I’m Not There”- argitaratu gabe izan du artean Bob Dylan-ek. Grabazioan barrena ordea, bi eratara azaltzen da. Lehendabiziko diskoan Sonic Youth-en moldaketa jasota dago. Bigarren diskoan berriz, Bob Dylan beraren interpretazioa entzun dezakegu The Band taldeak lagunduta. Horixe da bildumari amaiera ematen dion azken kanta.

Azkenik, disko bikoitz honek bere alde du horrelako omenaldi-bildumetan gutxitxo zaintzen den aspektu bat. Soinu aldetik ez da gora-beheraz betetako kanta kolekzio bat. Bi diskoek soinu uniformea dute, hain zuzen ere kanta guztiak estudio bakarrean grabatu izan balira bezala, eta hori zinez eskertzen du entzulearen belarriak.