Sanferminak
Jaien azken ekitaldia
'Gaixoa ni' ekitaldiak agurtuko ditu 2016ko sanferminak
Agentziak | Erredakzioa
Gauerdian izango da, eta ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da ekitaldia, 23:40an hasita.
2016ko sanferminak ostegun honetan bukatuko dira, programa ofizialean jasota dauden 20 ekitaldi baino gehiagorekin. Horien artean azpimarratzekoak dira Miura ganadutegikoen eskutik egin den entzierroa, San Ferminen Zortziurrena, erraldoien eta buruhandien agurra, eta, amaiera gisa, ?Gaixoa ni?.
Gauerdian izango da 2016ko sanferminen azken ekitaldia. 204 ordu iraungo duten jaien ostean eta Iruñeko Udalak antolatu dituen 400 ekitaldi baino gehiagoren ondotik, ?Gaixoa ni? ekitaldiak datorren urtera arte agurtuko ditu zuri-gorriz betetako 9 jaiegunak.
Gaueko hamabietan, Iruñeko alkatea udaletxeko balkoi batera atera, eta "Gaixoa ni, gaixoa ni?" eta "1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo..." abestuko ditu, eta modu horretan hasiko da 2017ko sanferminetarako atzerako kontaketa.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute "Gaixoa ni" ekitaldia. Ilaski Serranok eta Aitor Perezek egingo dute ekitaldi hunkigarriaren kontakizuna 23:40an hasita.
Dena dela, aurretik, jaietako azken eguna 08:00etan hasi da, azken entzierroarekin. Miura zezenek korritu dute, eta 18:30ean toreatuko dituzte.
10:45ean, San Ferminen Zortziurrenaren txanda izango da. Udalbatza Udaletxeko plazatik atera eta San Lorentzo parrokiara joango da, elizkizunean parte hartzera, eta, ostean, udaletxera itzuliko da berriro.
Erraldoi eta buruhandien konpartsa ere, azkenaldiz aterako da 09:30ean, Ezpeletaren jauregitik (Kale Nagusia). Azkenik, 13:00etan, Udaletxe plazan egongo dira hiriko haurrak agurtzeko.
Horrez gain, txikienek 'Hauek festak hauek' parkea izango dute gozagarri 11:30etik 14:00ak arte eta 18:00etatik 21:00ak arte, Askatasun plazan.
Sanferminen azken egunean jota errezitaldia ere bere tartea izango du Sarasate pasealekuan, baita herri-kirolek ere Foruen plazan.
Honako hauek dira arratsaldeko beste aukera batzuk: musika-banda Gurutzeko plazan (13:00), dantzak Sarasate pasealekuan (19:00), Gurutzeko plazako dantzaldia (20:00) eta euskal dantzak Gaztelu plazan (21:00).
Zezensuzkoaren ostean (21:45), Hermanos Caballer pirokteniak itxiko du Txapeldunetan Txapeldun Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, 23:00etan, Zitadelan.