Itxi

Sanferminak

Zortzigarren entzierroa

Miura, Iruñean 50 urte bete dituen erauntsia

eitb.eus

Unerik arriskutsuena plazako sarreran izan du korrikalari batek, baina, orokorrean, entzierro oso garbia eta azkarra egin dute zezenek.

2016ko sanferminak Miura ganadutegiko zezenek itxi dituzte, gaur, zortzigarren eta azken entzierroarekin. Ganadutegiak 50 urte jarraian daramatza Iruñeko jaietan parte hartzen.

Unerik arriskutsuena plazako sarreran izan du korrikalari batek, baina, orokorrean, entzierro oso garbia eta azkarra egin dute zezenek.

Plazara heldu arte oso entzierro azkarra eta garbia egin dute zezenek, baina plazako sarreran bi animalia erori dira eta arriskua sortu dute.

Osasun zerbitzuek eman duten lehen balantzearen arabera, entzierroan gutxienez zazpi korrikalari zauritu dira: hiruk burezurreko traumatismoa dute; bik, kolpeak gorputz-adarretan; batek, kolpea aurpegi-masailean, eta beste batek, bizkarrezurrean. Gainera, zezen-plazan beste hiru lagun artatu behar izan dituzte.

Zezen-taldeak bi minutu eta 18 segundo behar izan ditu ibilbidea betetzeko, eta korrikalariek lasterraldi politak egiteko aukera izan dute.

Aurreko zazpi entzierroetan bezalaxe, 08:00etan puntu-puntuan atera da zezen-taldea ukuiluetatik. Santo Domingon, joaldunak izan dira aurretik, eta lau zezenek itxi dute taldea. Lehen lasterraldi garbiak ikusteko aukera izan da aldaparen erdian.

Taldea, oso baturik

Lehen tartean, taldeak abiadura hartu du, eta ibilbideko 850 metroetan ez du erritmoa jaitsi. Udaletxe plaza baturik zeharkatu dute animaliek.

Mercaderes kalea abiadura bizian eta bat eginda igaro du taldeak, joaldunak oraindik buruan zirela. Estafetako bihurgunean, zezen gorri batek aurrea hartu du, eta korrikalari bat erori egin da, eta fatxadara itsatsita geratu da.

Estafetan, taldeak erdialdetik korritu du kale mitikoa. Lasterraldi politak ikusi dira, eta korrikalariek ez dute aparteko arazorik izan, zezenek jokabide zintzoa izan dutelako.

encierro san fermin entzierroa 14 julio 2016 uztailak 14 EFE

Miura ganadutegiko zezenak, Iruñeko kaleetan. Argazkia: EFE

Joaldun baten erorikoa

Taldea bat eginda heldu da Telefonicako tartera, nahiz eta korrikalari batzuek estropezu egin eta joaldun batek erorikoa izan, kallejoira heldu baino apur bat lehenago. Horrek erritmoa moteldu du.

Korrikalarien gainean erori dira

Plazako hondarra zapaldu bezain pronto, azken entzierroko tentsio unerik larriena izan da. Zezen gorria eta urdin bat korrikalari talde baten gainean erori dira.

Zezenek eta korrikalariek segundo batzuk behar izan dituzte berriro altxatzeko. Gainera, korrikalari bat erdian harrapatu dute, eta estropezuka kendu da paretik. Zezen batek elastikoa urratu dio.

Ondoren, taldea zezen-plazako ukuiluan sartu da, eta txapliguarekin bukatu da sanferminetako azken entzierroa.

575 kilo (Arenoso) eta 635 kilo (Desdelargo) artean dituzte goizean Iruñeko kaleetan entzierroa egin duten sei miurek: hiru urdin, urdin pikarta bat, beltz bat eta gorri azpizuri bat.

Arratsaldean toreatuko dituzte Rafaelillok, Davila Miurak eta Javier Castañok. Castañok Manuel Escribano zauritua ordezkatuko du.

Miura ganadutegiak 14 sari jaso ditu orain arte Iruñeko sanferminetan.