07:57

Sanferminak

Zazpigarren entzierroa

'Ilustrado' zezena, Nuñez del Cuvillo ganadutegiko protagonista

eitb.eus

Zezenak korrikalari bat hankan adarkatu du Udaletxe plazan. Zezen-taldeak bi minutu eta 30 segundo behar izan ditu ibilbidea betetzeko. Entzierro azkarra, baina arriskutsua izan da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iruñea sanferminetako azken txanpan murgildu da azkenaurreko entzierroarekin. Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek zazpigarren entzierroa egin dute.

Ganadutegiak ez zuen Iruñeko entzierroetan parte hartzen 2011tik. Entzierro bizia eta zirraragarria eskaini dute zezenek.

Osasun zerbitzuek baieztatu dutenez, zezenek korrikalari bat adarkatu dute Udaletxe plazan. Ilustrado zezen gorria eskuineko hesian zeuden korrikalarien aurka oldartu egin da. Korrikalari batzuk lurrera erori dira eta horietako bat zauritu du animaliak.

Adarkatua 39 urteko estatubatuarra da. Zezenak ezker hankan zauritu du.

Gainera, gutxienez beste sei korrikalari osasun zentroetara eraman behar izan dituzte, guztiak kolpeak hartuta. Batek buruan kolpe hartu du, beste biri hankak zapaldu dizkiete eta beste bat sorbaldan zapaldu dute.

Entzierroak bi minutu eta erdiko iraupena izan du. Aurreko egunetan baino korrikalari gutxiagok parte hartu dute, baliteke euriagatik izatea. Entzierroa hasi baino ordubete lehenago euria egin du.

Sei zezenek Santo Domingoko ukuiluetatik atera eta aurrea hartu dute. Ez da batere ohikoa; izan ere, joaldunak taldearen buruan izaten dira lehen tarte horretan.

Zezenen erritmo bizia zela eta korrikalariek gorriak ikusi dituzte adarren aurretik kentzeko. Hala, erorikoren bat izan da Santo Domingoko aldapan.

Taldea luzatzen ari zela, buruan zegoen zezenak, Ilustrado-k, eskuinaldetik korrika ari zen gizon bat aurretik eraman du Udaletxe plazako sarreran. Ondoren hesiaren alboan zeuden korrikalarien aurka oldartu egin da eta horietako bat adarkatu du.

encierro san fermin entzierroa 13julio 2016 uztailak 13 EFE

Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenak Iruñeko kaleetan. Argazkia: EFE

Taldea, oso luzaturik

Ondoren, zezen-taldea asko luzatu da eta Mercadereseko bihurgunean beste korrikalari bat estutasunean jarri dute. Zezen batzuek irrist egin dute.

Estafetan lau zezen buruan jarri dira, bi joaldun atzean zituztela. Bi zezenek taldea itxi dute. Korrikalariek lasterraldi politak egiteko aukera izan dute.

Abiadura txikiagoa, amaieran

Nahiz eta kaleko lehen tartean zezenak ziztu bizian joan, korrikalariek arnasa hartzeko aukera izan dute Estafetako amaieran; izan ere, abiadura txikiagoa hartu dute animaliek.

Telefonicako bihurgunea hartu eta kallejoiko jaitsieran bi zezen irristatu dira eskuinaldean, baina aparteko arazorik sortu gabe altxatu dira.

Zezen beltz bat plazan sartzen aurrena izan da. Zezen-tokira sartzera zihoanean buelta hartu du, baina beste hiru zezen eta bi joaldun agertu dira atzetik eta berriz bideratu dute. Azken bi zezenak geroago heldu dira eta ez dute arazorik sortu.

Zezenak 18:30ean toreatuko dituzte Sebastian Castella, Miguel Angel Perera eta Roca Rey toreatzaileek.

Iruzkinak