Sanferminak
Bosgarren entzierroa
Jandillako zezenek entzierro azkarra eta garbia egin dute
eitb.eus
Zezen-taldeak hiru minutu behar izan ditu ibilbidea betetzeko. Taldea bat eginda joan da, bi zezen erori diren arte: plazako sarreran, bata, eta metro gutxi batzuk lehenago, bestea.
Jandilla ganadutegiko zezenek sanferminetako bosgarren entzierroa egin dute gaur. Hamabosgarren agerraldia dute Meridako (Badajoz) zezenek Iruñean.
Zezen-taldeak hiru minutu behar izan ditu ibilbidea betetzeko. Taldea bat eginda ibili da, bi zezen erori diren arte: plazako sarreran, bata, eta metro gutxi batzuk lehenago, bestea.
Lau korrikalari eraman behar izan dituzte osasun zentroetara; horietako hiru Nafarroako Ospitalera eraman dituzte, eta laugarrena, San Martin doktorea osasun zentrora, Jon Ariceta medikuak jakitera eman duenez. Zauritu batek kolpeak ditu besoan eta hankan; beste batek, hankan, eta hirugarrenak, sabelaldean. Azkenik, laugarrenak aurpegian hartu du kolpea.
Hala, Jandillako zezenek entzierro garbia eta oso azkarra egin dute, azken metroetara arte; izan ere, bi zezenen erorikoek pixka bat luzatu dute entzierroa.
Lasterraldi politak
Zezenen abiadurak eta korrikalari gutxiago ibili izanak lasteketa politak utzi dituzte, asteburuko entzierro jendetsuen ondoren. Korrikalariak zezenen adarretara hurbildu dira.
Bi minutu eskasetan, lau animaliak ia 850 metroko ibilbidea bete dute, baina zezen bat Telefonican erori da, eta, ondoren, beste bat, kallejoian. Horrek arriskua areagotu du azken tartean.
Jandilla ganadutegiko zezenak, Iruñeko kaleetan. Argazkia: EFE
Zezen gorria
Korrikalariek santu beltzaranari babesa eskatzeko hiru aldiz abestu ondoren, taldea ukuilutik atera da. Joaldun batek zuzendu du taldea lehen metroetan, baina zezen gorri batek aurrea hartu dio berehala.
Abiadura handian, metro batzuk hartu ditu zezen gorriak, baina taldea ez da hautsi; izan ere, zezen guztiak elkarrekin sartu dira Udaletxe plazan.
Mercaderes kaleko bihurgunea arazorik gabe gainditu ondoren, taldeak garbi eta abiadura handian jarraitu du Estafeta kaletik. Joaldun batek eta zezenek taldeko burua hartu duten bitartean, lasterketa politak ikusi dira.
Ia minutu bat geroago?
Telefonicara heldu arte, entzierroa bide berdinetik joan da. Orduan, baina, zezen beltz bat irristatu eta lurrera erori da. Zezen gorriari gauza bera gertatu zaio. Segundo batzuk eman dituzte galtzada-harrien gainean etzanda, altxatu ezinik.
Zezen beltza bakarrik altxatu da, baina gorriak laguntza behar izan du plazako ukuiluetarako bideari jarraitzeko.
Zezen beltza berriz erori da plazako kallejoian, lurrean zeuden korrikalariekin talka eginda. Animaliak arazo handiak izan ditu berriro altxatzeko, baina, azkenean, korrikalari batzuen laguntzarekin, aurrera egitea lortu du. Ia minutu bat gehiago behar izan dute zezentokira heltzeko.
Jandillako zezenek 30 lagun adarkatu dituzte Iruñeko entzierroetan. 14 urtetan, Juan Pedro Domecqen zezenek bost sari lortu dituzte Iruñeko plazan.
505 eta 585 kilo arteko zezenak ekarri dituzte oraingoan. Gaur arratsaldean toreatuko dituzte Diego Urdiales, Alejandro Talavante eta Lopez Simon toreatzaileek.