Itxi

Sanferminak

San Fermin 2014

Eraso sexisten aurreko kontrola areagotuko da sanferminetan

Erredakzioa

Jaien hasieran balizko erasoak atzemateko, 3.350 agentek osatuko dute dispositibo berezia. Gainera, zezen plazan gerta daitezkeen indarkeria kasuak gelditzeko eskatu dute.

1:18

Igande honetako San Fermin jaietako txupinazoak foru poliziek eta udaltzain iruindarrek osatutako segurtasun dispositibo berezi bat izango du, festaren hasieran balizko eraso sexistak atzematen arituko dena.

Halaxe azaldu dute Javier Morras Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne sailburuak, Enrique Maya Iruñako alkateak eta Carmen Alba Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, San Fermin jaietako Segurtasun Batzordearen ostean eskaini duten prentsaurrekoan.

Guztira 3.350 agentek osatuko dute jaietarako dispositibo berezia: 900 polizia nazional, 1.300 guardia zibil, 400 udaltzain eta 750 foru polizia.

Morrasek azaldu du “eraso sexistak” ekiditeko dispositibo bat jarriko dela martxan aurtengo jaietan, “batez ere txupinazoan”. “Foru Polizia eta Udaltzaingoa plazako balkoietan egongo dira, edozein motatako eraso sexistak atzeman eta egileak identifikatu ahal izateko”, adierazi du Morrasek.

Sailburuaren ustez, “zaila da txupinazo garaian plazan lan egitea”, baina “beharrezkoa balitz, erasotzaileak irudien bitartez atzeman eta, identifikatu ostean, erasoaren larritasunaren arabera, salaketa jarri edo atxilotu egingo lirateke”, gehitu du.

Horren harira, “aurreko urteetan ikusi ditugunak bezalako ekintzak ospatu beharrean, baztertu egin behar dira”, adierazi du Morrasek. “Guztiok festak askatasunez ospatzeko, konpromiso etiko bat behar da”.

Beste berrikuntzetako bat “entzierroaren ostean, zezen plazan bigantxak askatzean egon ohi den indarkeria ekiditeko” dispositibo berri bat jartzea izango da. “Askotan, zezenketen araudiaren aurkako ekintzak zigorrik gabe igarotzen dira”, adierazi du sailburuak.

“Ekintza oker eta arriskutsu horien egileak identifikatu behar dira, eta egokitzen den administrazio salaketa jarri eta zigorra ezarri behar zaie”, azpimarratu du.

Gainera, Foru Poliziak salmenta ibiltaria “zorroztasun osoz” jarraituko duela gehitu du Morrasek. “Enpresari txikientzat lehia desleiala eta ezkutuko ekonomia dira, eta elikagaien kasuan, osasuna arriskuan jar dezakete”, zehaztu du.