Itxi

Herriak eta Hiriak

Garraioa

Taxi zerbitzua ezingo duela 'ordezkatu' ohartaraziko dio Bilboko Udalak Uberri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Duela gutxi Madrilen izan naiz, eta errealitate konplexu eta kezkagarria ikusi dut. Bilbon ez dugu horrelakorik nahi, alegia, batzuen eta besteen interesek talka egitea", esan du Alfonso Gilek.

  • Uber. Argazkia: EiTB

    Uber. Argazkia: EiTB

Uber enpresarekin izango duen bileraren harira, Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak nabarmendu du "leku batetik bestera eramateko zerbitzua bikain egiten duela taxiak". Gainera, baten batek garraio osagarria nahiko balu ezingo lukeela taxi zerbitzuarekin "talka egin" azpimarratu du.

Radio Taxi Bilbao enpresaren instalazioen bisitan, Gilek gogora ekarri du ostiralean batuko dela Uberreko ordezkariekin, enpresa horrek Bilbon jarduteko asmoa erakutsi ondoren.

"Duela gutxi Madrilen izan naiz, eta errealitate konplexu eta kezkagarria ikusi dut. Bilbon ez dugu horrelakorik nahi, alegia, batzuen eta besteen interesek talka egitea", gaineratu du PSE-EEko zinegotziak.

"Bilbon ez dugu Udal intsumiso bat, hots, legea betetzen dugu. Izan ere, taxiek beste zerbitzu batzuetan kontuan hartzen ez dituzten neurri batzuk bete behar dituzte (azterketak, baimenak, tarifa arautuak, azterketa teknikoak..). Horrenbestez, taxiak soilik bermatzen du zerbitzu hori baldintza egokietan", adierazi du Gilek.

"Taxiaren mundua etengabe ari da Udalarekin harremanetan, herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko", esan du. "Horixe da, hain zuzen, Bilboko taxien araudi berrian islatu dena, eta 'aho batez' alderdi politikoek onartu dutena", erantsi du.