Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia
Zorion Egileor eta Saioa Dominguez, Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko irrikaz
agentziak | erredakzioa
Egileor izan zen 1977ko abuztuan egin zen lehen kalejiraren sustatzaile nagusietako bat, eta hor hasi zen jaia gaur egungo Aste Nagusiaren itxura hartzen.
Zorion Egileor eta Saioa Dominguez, Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera, "ilusioz eta harro" daude aurten izango duten karguarekin, eta horixe adierazi dute gaur udaletxean egin duten aurkezpenean.
Zorion Egileor aktore, konpositore eta Herri Irratiko esataria izango da abuztuaren 18an Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia irakurriko duena. Mundakan jaio zen Egileor 1946an. 1977ko abuztuan egin zen lehen kalejiraren sustatzaile nagusietako bat da, eta horri esker hasi zen jaia gaur egungo Aste Nagusiaren itxura hartzen.
Bestalde, Bilboko Konpartsek Saioa Dominguez bilbotarra izendatu dute Aste Nagusiko txupinera izateko. Dominguezek 18 urte darama Aixeberri konpartsan. Ofizioz biokimikaria da, eta minbiziaren kontrako ikerketetan parte hartzen du. Arriaga Antzokiko balkoitik txupina jaurtitzeko ardura izango du, jaiari hasiera emateko.
Saioa Dominguezek eta Zorion Egileorrek txupineraren eta pregoilariaren arropak jantzi dituzte lehenengoz. Aste Nagusian, abuztuaren 18tik 26ra, egunero berdin jantzita joan beharko dute.
Egileorrek gogorarazi du duela 41 urte bere buruari galdetzen ziola nola Bilbon edo Donostian ez zegoen Euskal Herriko beste herri batzuetan bezalako jai herrikoirik. "Bilboko Aste Nagusiak oso motelak izaten ziren", azaldu du.
Pregoiari dagokionez, esan du "buruan" duela, baina idatzita eramango duela "mugatze aldera": "Berotzen banaiz, lata ederra emango dizuet".
Dominguez "oso pozik eta harro" agertu da "bilbotar guztien ordezkari" izango delako "Zorionek piztutako metxari esker herritik eta herriarentzat egindako" jaietan.
Era berean, Aste Nagusian "denentzako gauzak" daudela azpimarratu du, eta jai "libreak" direla, "mundu guztiak gustura" egon behar duela. Horren harira, erasorik gabeko jaiak eta "txupinazo garbia" izatea nahiko lukeela gaineratu du.