Itxi

Herriak eta Hiriak

Aste Nagusia

Altsasuko Gurasoek botako dute Donostiako Piraten txupinazoa Aste Nagusian

eitb.eus

Piratek "oinarrizko giza eskubideen babesa" aldarrikatu nahi dute txupinazoan, eta Altsasuko gazteen gurasoak izango dira Matti pertsonaia. Ezkila kapitaina Kalepoza kofradia izango da.

  • Altsasuko Gurasoak, Iruñeko manifestazioan / Argazkia: EITB.

    Altsasuko Gurasoak, Iruñeko manifestazioan / Argazkia: EITB.

Altsasuko Gurasoak aukeratu dituzte Donostiako Piratek Aste Nagusi Piratan Matti pertsonaia izateko eta txupinazoa botatzeko. Gonbit horrekin "elkartasun osoa" adierazi nahi izan diete kartzelan dauden Altsasuko gazteei eta horien senideei, "oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz".

Txupinazoa botatzeko gonbidapena "poz handiz" hartu dute gurasoek. Esan dutenez, "eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa" da, "baita gizarte aske bat eraikitzeko indarrak batzea ere".

Urtero, Matti pertsonaiak Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorren aldarrikapen bat egiten du jaietan. Aurreko urteetan, abortuaren aldeko mugimendua, Irutxuloko Hitza, errefuxiatuak eta Izar eta Sara izan dira txupinazoa botatzeko aukeratuak.

Piratek Auzitegi Nazionalak Koxka tabernako liskarra "terrorismo delitutzat jo eta kasua bere egitea" salatu dute, baita Altsasuko bederatzi gazte atxilotzea ere, "nahiz aurretik epaitegietan beren borondatez aurkeztu eta horretarako prestasuna azaldu". Piraten mugimenduak adierazi duenez, "Donostiako itsasoaren kresala ehunka kilometrotara dauden gazteengana iristea" espero du.

Kalepoza kofradia izango da Ezkila

Mattirekin batera, Ezkila kapitaina ere egoten da txupinazoan. Kale Lagunak hockey taldearen inguruko Kalepoza kofradiari egokitu zaio 2018ko Aste Nagusiko kapitaina izatea. Alde Zahar ilunari "kolorea jarri nahi diote" kofradiakoek, eta "BiziPoza" dute bizitzako lema.

'Kaia, jaia eta iraultza alaia' izango da Donostiako Piraten leloa 2018ko Aste Nagusian. Abuztuaren 13an, astelehenean, egingo dute abordatzea, eta, "berrikuntza gisa, abordatze eguneko bazkaria Flamenkan egingo da".

Covitek txupinazoa botatzen ez uztea eskatu du

Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite) gutuna bidali dio Eneko Goia Donostiako alkateari Altsasuko gazteen gurasoei ez diezaien utzi piraten txupinazoa jaurtitzen.

Covitek ohartarazi du "ekitaldia salatzeko beharrezko ekintza legalak" jarriko dituela abian Udalak azkenean esku hartzen ez badu eta txupina Altsasukoen gurasoek jaurtitzen badute.

Covitek Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari ere eskatu dio esku hartzeko "Altsasuko benetako biktimen aurkako umiliazio berri honen aurrean".

"Ordezkariak biktimekiko konpromisoa erakutsi nahi badu, umiliatzen duten horrelako ekitaldiak gaitzetsi behar ditu eta gerta ez daitezen lan egin behar du, bere eskumenen barruan", gaineratu du.

"Donostiako Udalak utziko al lieke 'La Manada'koen senideei txupinazo pirata jaurtitzen? Pentsaezina izango litzateke", adierazi du elkarteak gutunean.