Herriak eta Hiriak
Abusuak adingabekoei
Bi lagun atxilotu dituzte Gasteizen bi adin txikikori sexu-abusuak egitea egotzita
Agentziak | Erredakzioa
Abusuak Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean edo babespean egon zirenean gertatu ziren. Neskek 16 eta 17 urte artean dituzte eta, egun, ez daude Foru Aldundiaren babespean.
Bi lagun atxilotu dituzte Gasteizen bi adin txikikori sexu-abusuak egitea egotzita Arabako Foru Aldundiaren babespean zeuden bitartean, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Foru Aldundiak Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Neska biak Foru Aldundiaren tutoretzapean edo babespean egon dira "uneren batean", baina gaur egun ez daude Foru Aldundiaren zentroetan. Neskek 16 eta 17 urte artean dituzte egun.
Arabako Foru Aldundiko teknikariek adin txikikoen "eskubideak urratu" zituztela antzeman zuten urtarrilaren 30ean, neskak zaintzeaz arduratzen ziren hezitzaileekin egindako bilera batean, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Gasteizko epaitegietan salaketa jarri ostean, ikerketa abiatu zuten, eta, horri esker, Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu zituen orain bi aste sexu-abusua egotzita.
Bestalde, Save the Children haurren eskubideak babesteko erakundeak bi neskak "babestea eta sendatzea bermatzeko" eskatu du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.