Itxi

Herriak eta Hiriak

Errugby finalak

Bilbok Fan Zoneak jarriko ditu errugbi finalengatik

eitb.eus

Hiriko puntu berezietan, zaleentzako aisiarako jarduerak, karpak, txosnak, food truck-ak eta agertokiak egongo dira errugbiko zaleentzat.

  • San Mames futbol zelaitik gertu Fan Zoneak jarriko dira. EITB.

    San Mames futbol zelaitik gertu Fan Zoneak jarriko dira. EITB.

Errugbi finalak jokatuko dira Bilbon hurrengo asteburuan, maiatzaren 11n eta 12an, eta dena prest dago hiriburuan kirol honen 100.000 zale baino gehiago hartzeko. Errugbiaren esentziaz gozatu ahalko dute bertan zaleek bi finalen aurretik, bitartean eta ondoren.

Horretarako, Fan Zoneak jarri dituzte Bilboko puntu ezagunenetan, eta, gainera, hiria errugbi munduarekin lotutako elementuekin jantzi du. Hemen jarriko dituzte zaleentzako guneak:

-Areatza: karpa handi bat egongo da maiatzaren 10ean, 11n eta 12an, eta errugbiaren inguruko jarduera ugari egingo dituzte bertan.

-San Mames: Fan Zone bat irekiko dute futbol zelaiaren inguruetan ostiralean eta larunbatean, eta txosna bat, hainbat food truck eta agertoki bat egongo dira.

-Casilda Iturrizar parkea: parkea: Universitario Bilbao Rugby taldeak pista amerikar bat, ludoteka bat, ohe elastikoak, bungee run bat, errugbi zelai bat eta tailerrak jarriko ditu ostegunean, ostiralean eta larunbatean.

-Deustu: Deusto Bizirik elkarteak errugbiarekin lotutako hainbat jarduera antolatuko ditu ostiralean eta larunbatean auzoko zenbait tokitan, kontzertuak tartean.

-Indautxu: Indautxu plazan eta inguruetan, kontzertuak eskainiko dituzte ostiralean.

-Zazpikaleak: kontzertuak, kalejirak, erakusketak eta tailerrak egingo dira ostiralean eta larunbatean.

Bilbok errugbiarekin lotutako elementu batzuk ere jarri ditu hiriburuko toki nabarmenetan:

-Bi errugbi ate Moyua plazan.

-Errugbi baloi erraldoiak Arriaga antzokiko plazan, Moyua plazan eta San Mames inguruetan, estadiora iristeko bidea erakusteko.

-Kaleetan banderatxoak jarri dituzte errugbi finalak gogoratzeko.

-Bilboko Udalak Plaza Biribilean duen turismo bulegoan, miniaturazko errugbi zelai bat jarri dute, finalen datak nabarmentzeko.

· Kaleetan banderatxoak jarri dituzte errugbi finalak gogoratzeko.