Herriak eta Hiriak
Zientzia
Zientzia Azoka 2018 larunbatean egingo dute, Bilbon
eitb.eus
Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuak hartu ditu kontuan gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topaketaren aurtengo edizioak.
-
Zientzia Astea 2018ko aurkezpenaren irudia. Iturria: Bilboko Udala.
Zientzia Azokaren aurtengo edizioa larunbatean izango da, Bilboko Plaza Barrian, Elhuyar Fundazioak antolatuta. Hain zuzen ere, gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topaketa bat izango da, tailerrez osatua, eguerditik gauera.
Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuak jarraitu ditu gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topaketaren aurtengo edizioak, Unesco Etxearen eskutik.
Topaketaren helburua gazteei ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematea da, eta DBHko eta Batxilergoko 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago.
Ekimen horren baitan, ikasleek ikerketa eta teknologia proiektu bat diseinatu eta garatu dute urtean zehar, unibertsitateko ikertzaile profesionalen laguntzarekin. Hain zuzen ere, honako erakundeen laguntza izan dute: Ikerbasque, EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Digipen Teknologia Institutua eta Tecnalia.
Azoka 12:00etan hasi eta 21:00ak aldera amaituko da.Tarte horretan, ikasleek eta unibertsitate eta ikerketa zentro batzuetako ikertzaile profesionalek euren proiektuak erakutsiko dituzte.
Orotara, 90 proiektu zientifiko-teknologiko ikusi ahalko dira larunbatean Plaza Barrian, Euskadiko 30 ikastetxetako 313 gaztek sortuak. Gainera, ekitaldiak zientzia bizipenak izaten jarraitzeko aukera eman nahi die gazteei; horretarako, sektoreko hainbat enpresak eta zentrok (Euskaltel eta Iruñeko Planetarioa, tartean) egonaldiak egiteko aukera emango diete gazteei.