Itxi

Herriak eta Hiriak

Gertakaria

Basauriko Soloarteko Pasealekuaren zati bat behera etorri da

EITB.EUS

Pasealekua Nerbio ibaiaren ondoan dago, eta itxita zegoen, egonkortasun falta zela eta. Gertu dagoen ikastetxeko patioa ere zarratu du Udalak, badaezpada.

Soloarteko pasealekuaren eta hormaren zati bat behera etorri da gaur Basaurin (Bizkaia), azken orduetan izandako euriteen ostean. Pasealekua Nerbioi ibaiaren ondotik doa, eta itxita zegoen 2017ko abuztutik, ezegonkortasuna handia zegoen eta.

50 bat metroko zatia da erori dena, Soloarte ikastetxearen eta Mercabilbao azokaren aurrez aurre. Badaezpadako neurri gisa, pasealekuaren ondoan dagoen patioa ere zarratu du Udalak.

2010ean ere pasealekuaren zati bat erori zen, Urbi zubiaren parean dagoena, hain justu. Basauriko Udalak hura konpontzeko lanak egin zituen orduan, baina Nerbioi ibaiaren urek egitura kaltzen jarraitu dute. Egunotan hazita dator ibaia, euriteak direla eta.

BASAURI PASEO SOLOARTE DERRUMBE

BASAURI SOLOARTE JAUSI

Behera etorri den zatiaren argazkiak. WhatsApp (identifikatu gabeko egilea).

Udalak berreraikitzeko asmoa du

Basauriko Udalak ohar batean azaldu duenez, pasealekua berreraikitzeko proiektua idatzi eta lanok egiteko "URA Uraren Euskal Agentziak eman beharreko baimenak" eskatzen ari dira.

Nerea Renteria Udaleko Lurralde Politika eta Kontratazio zinegotzia eta udaleko teknikariak gunea bertatik bertara ikusten izan dira goizean, eta alkateordea ere badenak telefonoz hitz egin du URA Agentziako arduradunekin "luiziaren berri eman eta hura konpontzeko lanak abiatzeko izapideak lehenbailehen egin ditzaten".

PASEO SOLOARTE BASAURI

Jausitako zatia Velazquez-Cervantes ikastetxearen aurrean dago. WhatsApp (identifikatu gabeko egilea).

Izan ere, Udalak onartuta du berreraikitze lanak egiteko aurrekontua —1.173.736 euro—. Bizkaiko Foru Aldundiak gainerako dirutza (500.000 euro) emango du diru-laguntza bidez.