Herriak eta Hiriak
Segurtasuna
Gauean bi geltokiren artean autobusetik jaisteko aukera emango du Bilbobusek
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk egindako proposamena da eta Udal Gobernuak onartu du. Neurria Bilbobusen araudi berrian barneratuko dute.
-
Bilbobus autobus bat. Artxiboko irudia: EiTB
Bilbobusen gaueko zerbitzuak bidaiariei bi geltokiren artean autobusetik jaisteko aukera emango die. Emakumeei segurtasun handiagoa emateko helburua du neurriak.
EH Bilduk egindako proposamena da eta Udal Gobernuak (EAJ-PSE) onartu du. Neurria Bilbobusen araudi berrian barneratuko dute. Udalbatzak urtarrilaren 25ean onartuko du, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
“Bilbobusen zerbitzua asko hobetuko duen kosturik gabeko neurria da”, goraipatu du Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak, “bidaiariak bi geltokiren artean autobusetik jaistea ahalbidetuko duelako”. Horrela, bidaiariak “helmugatik gertuago geratuko dira, erasoen arriskua murriztuz”, azpimarratu duenez.
"Genero perspektiba"
“Genero perspektiba batetik” Bilbobusen segurtasuna hobetzeko proposamena onartzea positibotzat jo du Zubizarretak. Neurriak beste hiri batzuetan “harrera ona” izan duela nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak, Donostian esaterako.
“Erdibideko geltokia” Bilbobusen araudi berrian sartuko dute, baina nola eta noiz jarriko da martxan aztertu behar dute oraindik, Udaleko iturriek zehaztu dutenez.