Itxi

Herriak eta Hiriak

Elektrolinerak

Auto elektrikoak kargatzeko bi gune berri martxan jarriko dituzte Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Horietako bat Elkano kalean izango da eta bestea Leizaola Lehendakariren etorbidean, Abandoibarran. Zerbitzua doakoa izango da aurreneko urtean.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Auto elektrikoak kargatzeko bi gune berri martxan jarriko ditu Bilboko Udalak, bat Elkano kalean eta bestea Leizaola Lehendakariaren etorbidean, Abandoibarran. Gainera, zerbitzua doakoa izango da aurreneko urtean.

Iberdrola konpainiak gune berriak prestatzeko lanak aurrera eramango ditu. Horretarako, Udalak eta enpresak hitzarmena sinatu dute datorren bi urteetarako. Ondoren akordioa urtez urte luzatzeko aukera izango dute aldeek. Udalak hiri-lurzorua lagako dio konpainiari, kargatzeko zutoinak jar ditzan, bi entitateek agiri batean azaldu dutenez.

Horrela, energia konpainiak azpiegitura eraikitzeko lanak aurrera eramango ditu, autoak kargatzeko ekipoak funtzionamenduan jartzeko. Era berean, hitzarmena indarrean dagoen bitartean kudeaketaren kostua bere gain hartuko du Iberdrolak. Gainera, lehen urtean xahutzen den argindarra ordainduko du enpresak.

Bestalde, auto elektrikoak egoki kargatzeko ekipoak nola erabili irakatsiko die Iberdrolak taxilariei eta Bilboko Udaleko langileei.

Esan bezala, gune berriak Elkano kalean, hiriaren erdialdean, eta Leizaola Lehendakariaren etorbidean, Euskadi Plazatik gertu, izango dira.