Herriak eta Hiriak
Donostia
Giro paregabea Donostian santomasetan
Agentziak | Erredakzioa
Eguzkia lagun, 10 eta 12 gradu inguru izan dira Donostian, milaka herritar eta bisitari joan dira hiriko plaza eta kaleetan jarritako 201 saltokiak ikustera.
Txistorraren eta txorizoaren usainarekin etorri zaigu gaurko eguna Donostian, San Tomas eguna dela eta, milaka lagun ari baitira hiriburuko kaleetatik barrena.
Eguzkia lagun, Donostian 10 eta 12 gradu arteko tenperatura zegoela, milaka herritar eta bisitari joan dira hiriko plaza eta kaleetan jarritako 201 saltokiak ikustera. Txistorra saldu dute 52tan; gozoak, 23tan; taloa, 17tan, eta gazta eta esnekiak, 13tan.
Konstituzio plazan, bestalde, Ursula jarri dute ikusgai, Leitzako (Nafarroa) Arro baserritik ekarritako 360 kiloko txerria, alegia.
Donostiako Parte Zaharrean ez ezik, Antiguako, Groseko, Amarako eta Loiolako auzoetan ere ospatzen ari dira San Tomas eguna.
Sagardo edo txakolinarekin batera, txistorra ogitartekoan, pintxoan edo taloan jateaz gain, baserritarren produktu ugari erosteko parada izan da gaurkoan ere. Halaber, kultur ekimen ugari prestatu dira azokaren inguruan.
Aurten, berritasun gisa, baserritar jantzien lehen lehiaketa egin dute eguerdian hasita, Axular Dantza Taldeak antolatuta.
Pedro Subijana eta Elena Arzak sukaldari donostiarrak, berriz, txistor lehiaketaren epaimahaiko kideak izan dira.
Euskal Herriko XXIII. Txistor Txapelketan parte hartu duten Gipuzkoako eta Nafarroako 24 txistorrak aztertu dituzte, lehendabizi gordinik eta ondoren kozinatuta. Zegamako Patxi Aranguizek irabazi du lehiaketa.
Trikitilariak, aizkolariak, pilota partidak, umeentzako tailerrak, animalien erakusketa eta barazki eta fruta lehiaketak izan dira, ohi legez, San Tomas egunean.
Egunari amaiera emateko, Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’ antzezlana eskainiko dute Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan.