Itxi

Herriak eta Hiriak

Gabonak Bilbon

Antzara familia batekin batera egingo du Olentzerok Bilbon barrena

eitb.eus

Kalejira larunbatean izango da, 17:30ean, Moyua plazatik Arriaga antzokiraino.

  • Olentzero eta galtzagorriak, Bilbon.

    Olentzero Bilbon. Argazkia: EiTB.

Olentzerok, Mari Domingik eta Basajaunek kalejira egingo dute larunbatean Bilbon, eta herritar guztien artean opariak eta elkartasun eta bizikidetza mezuak banatuko dituzte.

Bisitaldia prestatzeko, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak harrera egin dio Olentzerori Atxurin, Eliz Museoan.

Desfilea 17:30ean hasiko da Moyua plazan, Olentzeroren agurrarekin. Ondoren, Kale Nagusia zeharkatuko du, bilbotarrak agurtuz. Hortik aurrera, Plaza Biribiletik eta Nafarroa kaletik, Arriaga plazara helduko da.

Ohikoa den legez, Olentzero, Mari Domingi eta Basajaun, hurrenez hurren, zurezko pottoka erraldoi baten, antzara baten eta triziklo baten gainean joango dira. Opariz betetako gurdia izango dute ondoan.

Antzara ez da bakarrik etorriko; familia osoa izango du ondoan. Antzara kumeak amaren atzean joango dira, eta umeek aukera izango dute kumetxoak ezagutzeko.

Beste nobedade batzuk ere egongo dira. Herriaren izenean, 20 dantzari joango dira lamiarekin, eta kalejira alaituko dute hasieratik Arriaga plazara iritsi arte. Giroa sortu eta ikusleak entretenituko dituzte, zuzeneko musikaz lagunduta.

Beti bezala, galtzagorriek ere zeregin garrantzitsua izango dute ibilbide osoan. Kaleetan dauden pertsonak agurtu, eta kalejirako irudi eta pertsonaiekin elkar eragingo dute, kolore, mugimendu eta argi efektuekin batera.

Ibilbidean zehar, umeek Olentzerorentzat dituzten eskutitzak jasotzen lagunduko dute galtzagorriek. Aurten, WhatsApp eta guzti estreinatu du.

Olentzeroren segizioan 100 pertsonatik gora joango dira: 80 artista baino gehiago, eta 30 pertsona laguntza teknikoa eta logistikoa ematen, baita zanpantzarrak, dantzariak, zuzeneko musikariak, fanfarria bat eta bestelako pertsonai batzuk ere, kalejira osatu eta ongietorria egiteko ikazkinari.

Arriaga plazara iristean, Olentzeroren musika taldeak 30 minutuko ikuskizuna eskainiko du. Bertan, Olentzerok eta Mari Domingik Juan Mari Aburto alkatea eta Itziar Urtasun zinegotzia agurtuko dituzte. Ondoren, pertsonaia magikoek hitza hartuko dute Arriaga antzokiko balkoian, bertaratu diren guztiak agurtu eta Bilbora ongietorria eginda. Ondoren, Olentzeroren eta Mari Domingiren abestiak kantatuko dituzte, umeekin batera.

ERROMERIA KALEJIRAREN OSTEAN

Jai-giroa ez da kalejirarekin bukatuko; izan ere, Bilboko Udalak erromeria antolatu du Areatzan, bertaratzen direnek euskal kanta herrikoiak kanta ditzaten. Txosna bat ere jarriko da. Bilboko Udalak jai honekin bat egiteko eta baserritar jantzita joateko gonbita egin nahi die herritarrei. Kalejira girotu eta ondo pasatzeaz gain, kantatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. ?Benta zaharreko mutil alaiak? taldeak girotu ditu bazterrak.

Gainera, jendeak Olentzero eta bere laguntzaileak ahalik eta ondoen ikus ditzan, Arriaga plazaren ondoan pantaila erraldoia jarriko du Udalak aurten ere; plazan gertatzen den guztia zuzenean eskainiko du pantailotan. Olentzerok eta Mari Domingik agurra egiteko orduan, zeinu bidezko hizkeraren interpretea egongo da. Abenduaren 24ko harreran ere egongo da eskatzen duten umeentzat.

OLENTZEROK HARRERA EGINGO DIE UMEEI ARRIAGAN

Kalejira amaitutakoan, Olentzerok Arriaga antzokian emango du gaua, atseden hartu eta abenduaren 24ko gaueko lan eskergarako prestatzen. Abenduaren 24an, goizean, 11:00etatik 14:00etara, Olentzerok Arriaga antzokira bera agurtzera gerturatzen diren ume guztiak hartuko ditu.

Aurten ere, Bilboko Udalak tiket sistema erabiliko du hurrenkera bermatzeko. 10:00etan, Areatzan (txurro-dendaren ondoan) kaseta bat jarriko dute, Olentzerorekin egon ahal izateko tiketok banatzeko; guztira, 1.500 emango dira. Gehienez ere, pertsona bakoitzeko 3 tiket hartu ahalko dira (horiek umeentzat dira, eurekin doazen helduek ez baitute tiketik behar), sartzeko hurrenkera adieraziko dutenak. Lehenengo 500 zenbakiak dituztenak 11:00etatik 12:00etara sartuko dira Arriagan, aurreikuspenen arabera; 501 eta 1.000 artekoak, 12:00etatik 13:00etara; eta 1.001etik 1.500era artekoak, 13:00etatik 14:00etara.

Arriaga plazako itxaronaldian, hainbat jarduera prestatu ditu Udalak umeentzat. Horretarako, antzokiaren inguruetan taloa egiten ikasteko tailerra eta aurpegiak makillatzeko tailerra jarriko ditu txikienentzat. Gargantua ere egongo da bertan, eta Eidabe taldearen ?Txapela buruan eta dantzan munduan? ikuskizuna ere bai.

Abenduaren 24an ere, musika eta jai-giroa egongo da Areatzan. Hain zuzen ere, ?Ein GO Kantan eta Dantzan? taldeak kolore-ukitua jarriko du txosnan, 11:30ean hasi eta 14:00etara bitartean.

Bilboko Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu Gabonetarako, kalitatekoak eta doakoak, herritar guztiek, horien adina edozein dela ere, Gabonak ondo pasa ditzaten.