Herriak eta Hiriak
Saria
Amatriain, Redondo, Oribe, Ferrer eta Chourrault, Urrezko Danborrerako hautagaiak
Eitb.eus
Donostiarrek bozketa bidez aukeratuko dute irabazlea, abenduaren 11tik 17ra. Saria urtarrilaren 20an banatuko dute, urtero bezala.
-
Aurreko urte bateko sari ematea. EiTB
Alicia Amatriain dantzaria, Dolores Redondo idazlea, Richard Oribe igerilaria, Esther Ferrer artista eta Maialen Chourrault piraguista. Horiexek dira 2018ko Urrezko Danborra jasotzeko bost hautagaiak.
101 izen-abizenen artean aukeratu ditu Donostiako Bozeramaileen Batzordeak lau emakume eta gizon hau. Bost horien artean bakarra hautatu beharko dute donostiarrek, eta horri emango diote saria urtarrilaren 20an.
Eneko Goia Donostiako alkateak eman du hautagaitzen berri, prentsaurrekoan eta Twitter bidez:
Hauek dira 2018ko #UrrezkoDanborra–rako hautagaiak. Cinco candidatos y candidatas que serán sometidos a votación popular entre el 11 y el 17 de diciembre #TambordeOro pic.twitter.com/rJCgY9717t
— Eneko Goia (@EnekoGoia) 27 de noviembre de 2017
Goiaren ustez, bost pertsona horiek dituzte" behar beste merezimendu Urrezko Danborrak adierazten dituen balioak ordezkatzeko".
Abenduan, bozketa
2018ko Urrezko Danborra donostiarrek aukeratuko dute, bozketa bidez. Hala, hirian erroldatutako 16 urtetik gorakoek abenduaren 11tik 17rako astean izango dute bozkatzeko aukera. Bozketa Donostiako Udalaren webgunean eta udaletxearen arreta zerbitzuen bulegoetan egin daiteke (Partaidetza Zerbitzuan eta Udalinforen bulegoetan —Altza, Easo, Morlans auzoetan eta udaletxean bertan—).
Behin bozketa epea amaituta, irabazlearen izena jakinaraziko du Udalak eta, ondoren, Udalbatzak izena berretsi beharko du. Saria, urtero legez, urtarrilaren 20an emango diote.