Itxi

Herriak eta Hiriak

Negoziazioak

Udaltzainei lan-karga kentzeko segurtasun pribatua proposatu du Gasteizko Udalak

Agentziak | Erredakzioa

Bileran Carlos Zapatero Segurtasun zinegotziak Udaltzaingoaren sindikatuei proposatu dizkien neurrietako bat izan da.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Udaltzainei lan-karga kentzeko eraikin batzuen zaintzarako segurtasun pribatua kontratatzea proposatu die gaur Gasteizko Udalak sindikatuei. Horrela, udaltzainek herritarren segurtasunaz eta trafiko kontrolaz arduratzeko denbora gehiago izango lukete.

Gaurko bileran Carlos Zapatero Segurtasun zinegotziak Udaltzaingoaren sindikatuei proposatu dizkien neurrietako bat izan da. Udaltzainak zorroztasun-greba egiten ari dira, lan baldintzen hobekuntza eta agente gehiago eskatzeko. Horretarako, isun kanpaina egiten ari dira Arabako hiriburuan.

31 udaltzainen defizita onartu du Udal Gobernuak, baina iragan legealditik datorrela zehaztu du. Javier Marotoren Gobernuak (PP) “udaltzaingorako lan eskaintza publikorik deitu ez” zuela gogorarazi du Urtaranen Exekutiboak.

Egoerari aurre egiteko, Udalak 32 agenteko lan eskaintza publikoa egin du aurten, eta datozen hilabeteetan beste bat deituko du, “legez posible den lanpostu kopuru handienarekin”, azaldu du Zapaterok.

Bitarteko 15 udaltzain

Bitartean, “berehala aplikatzeko” neurri bezala, hamar eguneko epean bitarteko 15 agente kontratatzea proposatu die Udal Gobernuak sindikatuei. Aldez aurretik, Udala Segurtasun Sailarekin akordio batera heldu da.

Gainera, Udalaren eraikinak eta Gabonetan Floridako jaiotza zaintzeko segurtasun pribatua kontratatzea planteatu dute, orain lan horretan ari diren udaltzainak herritarren segurtasunean eta trafiko kontrolean erabiltzeko (12 bat polizia).

Neurriokin protesta bukatzea espero du Zapaterok, greba “udaltzainen irudiari kalte egiten ari delako, isunekin herritarren gainean egiten ari diren presioarengatik”.

Isunen diru-bilketa “hirukoiztu” da

Isunen kanpaina urriaren 30ean hasi zuten udaltzainek eta dagoeneko diru-bilketa “hirukoiztu” egin da, EH Bilduk salatu duenez. Horrela, mobilizazioa hasi zenetik gasteiztarrek 362.000 euro ordaindu behar izan dituzte isunetan.

Antxon Belakortu EH Bilduko zinegotziak agiri batean azpimarratu duenez, zenbatekoek Udaltzaingoaren “zorroztasun-greba” agerian uzten dute.

Belakorturen ahotan, Gorka Urtaran alkateak “ezin ditu begiak itxi udaltzainen botere-abusuaren aurrean”.