Itxi

Herriak eta Hiriak

Zorrotzaurre

Deustuko kanala 2018ko uda ondoren zabaltzea espero du Bilbok

Agentziak | Erredakzioa

Lanak 2014ko maiatzean hasi ziren, eta 16 hilabetean egin behar zituzten, baina 2016ko urrian Udalak kontratua eten zuen obra egiteko ardura zuen enpresarekin.

  • Zorrotzaurreibarra. Artxiboko irudia: EiTB

    Zorrotzaurreibarra. Artxiboko irudia: EiTB

Deustuko kanala zabaltzeko lanak "datorren urteko uda ondoren" bukaturik egon behar direla adierazi du gaur Ricardo Barkala zinegotziak. Bilboko Udalaren egitasmo nagusietako bat da, eta lanek bi urtetik gorako atzerapena dute dagoeneko.

Zinegotziak agerraldia egin du Udaleko batzorde batean alorreko aurrekontuaren eta datorren urtean garatu beharreko proiektuen berri emateko.

Ostiralean, Udalaren aurrekontu egitasmoaren aurkezpenean, Deustuko kanalaren lanak "behingoz" amaitzeko 9 milioi euroko aurrekontua prestatu dutela azaldu zuen Juan Mari Aburto alkateak.

Lanak 2014ko maiatzean hasi ziren, eta 16 hilabetean egin behar zituzten, baina 2016ko urrian Udalak kontratua eten zuen obra egiteko ardura zuen enpresarekin. Ekainean beste enpresa talde baten esku utzi zuen Udalak lanak bukatzeko ardura.

Enpresa berriarekin lanak birplanteatzeko agiria irailean sinatu zutela gogorarazi du Ricardo Barkalak, eta, ondorioz, obra bukatzeko 12 hilabeteko epea aurrera doala azaldu du.

"Kanoan ibiltzeko aukera izango da"

Horregatik, oraindik "hilabete bat edo biko" atzerapena izan daitekeela onartuta ere, Deustuko kanala "datorren urteko uda ondoren egon behar da bukatuta", adierazi du Barkalak. 2018an kanaleko uretan "kanoan ibiltzeko aukera" izango dela erantsi du.

Zorrotzaurreko penintsula uharte bihurtuko da Deustuko kanala zabaldutakoan, eta ia 840.000 metro karratu izango ditu. Besteak beste, ia 5.500 etxebizitza eraikiko dituzte bertan.