Itxi

Herriak eta Hiriak

eraikuntza

Bilboko Udalak igogailuak jarriko ditu Santutxun eta Miribillan

Ixone Arana | eitb.eus

Igogailuan 20 pertsona sartzeko lekua izango da eta herritaren irisgarritasun orokorra izango dute helburu.

Udala aste honetan hasiko da 3 elementu mekaniko egiten, bi Santutxun eta bat Miribillan, herritarrei irisgarritasun unibertsala eskaintzea helburu, eta guztira 4,08 milioi euroko aurrekontua bideratu du lan horietara.

Santutxun, bi igogailu inklinatu jarriko dituzte Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko maila gainditzeko. Kabinan 20 pertsona sartzeko lekua izango da, eta igogailuak, besteak beste, zaintza-sistema berezia izango du, ingurua denbora errealean ikusi ahal izateko, eta kabinaren barrualderekin komunikatzeko sistema bat.

Santutxuko Laurencin Markesaren kaleko igogailuen lizitazioaren aurrekontua 2.600.000 eurokoa da, eta lanak egiteko epea, berriz, 12 hilabetekoa. Lanen ondorioz, kale horretako espaloia, galtzada eta aparkalekua okupatu beharko dira obrak egiten diren bitartean. Bestalde, ibilgailuen zirkulazioa Iturriaga eta Cocherito de Bilbao kaleetatik bideratuko da.

Miribillan, igogailu bat egingo da Askatasuna etorbidearen eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean. Igogailuak 31 metrotik gorako altuera gaindituko du, eta Santutxuko igogailuen ezaugarri berberak izango ditu. Honen aurrekontua 1.480.000 eurokoa da.

Lan horiek egiteko, hainbat aldaketa egin beharko dira inguruan. Urriaren 24tik aurrera eta urtebetez, espaloia eta aparkalekua okupatuko dira, eta oinezkoentzako pasagune berri bat egingo dute.

Irisgarritasuna lehentasunezko gaia da Bilboko Udalarentzat. Oraingoz, 33 igogailu eta 20 arrapala eta eskailera mekaniko daude hiriburuan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.