Herriak eta Hiriak
GASTEIZ
Txakurrak lotuta eraman beharko dira Gasteizen, berdeguneetan izan ezik
Agentziak | Erredakzioa
Txakurrak parke eta lorategi publikoetan aske ibiltzeko eremuen gaineko dekretua indarrean sartu du astearte honetan Gasteizko Udalak.
-
Txakur baten EiTBren artxiboko argazkia.
Txakurrak parke eta lorategi publikoetan aske ibiltzeko eremuen gaineko dekretua onartu du Gasteizko Udalak, eta astearte honetan, urriak 10, sartuko da indarrean.
Hori dela eta, txakurrak lotuta eraman beharko dira beti Gasteizko kaleetan, hiriko berdegune gehienetan eta Eraztun Berdeko zenbait lekutan izan ezik.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak jakinarazi duenez, "berdeguneetan bakarrik egon ahalko dira txakurrak aske, arriskutsu izan daitezkeen txakurrak izan ezik, horiek beti joan beharko baitute lotuta".
Datorren asteartetik aurrera, txakurrak lotuta eraman beharko dira #Gasteiz en https://t.co/0oauPHGI3H pic.twitter.com/PsLv3fcpyv
— Vitoria-Gasteiz! (@vitoriagasteiz) 6 de octubre de 2017
Txakurrak araututako tokietatik kanpo aske uzten dituztenei gutxienez 120 euroko isuna ezarriko zaie. Halere, Urtaranen arabera, urrian zehar kontzientziazio kanpaina egingo dute, eta udaltzainek abisuak baino ez dizkiete emango lege-urratzaileei, eta azarotik aurrera hasiko dira isunak ipintzen.
Eraztun Berdean txakurrak aske ibiltzeko aukeraren gainean, "Salburuan, Zabalganan, Olarizun, Armentian eta Zadorran, espezie basatiei ez eragite aldera, txakurrek, oro har, lotuta joan beharko dute, salbu eta berariaz seinaleztatutako lekuetan", esan du Urtaranek.
Bestalde, txakurrak aske ibiltzeko berdeguneetatik kanpo gelditu dira Katedraleko parkea, Unibertsitate-campuseko lorategiak (Maria de Maeztu lorategia salbu), Prado parkea eta Florida parkea (Uraren Ezkutuko Lorategia barne).