Itxi

Herriak eta Hiriak

Anberesen

Epaitu dituzte Hodei Egiluzen lapurretan inplikatutako hiru lagunak

Agentziak | Erredakzioa

Epaileak hilabete barru inguru emango du epaia. Akusatuei lapurreta delitua egotzi diete, ez galde galdakaoztarraren desagerpena eta balizko hilketa.

  • Hodei Egiluzen gurasoak, gaurko epaiketaren ostean. Argazkia: EiTB

    Hodei Egiluzen gurasoak, gaurko epaiketaren ostean. Argazkia: EiTB

Hodei Egiluzi sakelako telefonoa eta kreditu-txartela lapurtu zioten hiru inplikatuak epaitu ditu Anberesko Auzitegiak. 23 urteko gazte galdakoztarra 2013ko urriaren 19an desagertu zen, eta 2016ko otsailean aurkitu zuten haren gorpua Eskalda ibaian, Anberesen.

Lapurreta delituagatik epaitu dituzte, ez baitiete gaztearen desagerpena eta ustezko hilketa egotzi.

Ikerketaren arabera, Hodei desagertu zen gauean, lagunekin afaltzetik zetorren eta birritan lapurtu zioten, lehena sakelako telefonoa lapurtzeko eta bigarrena kreditu-txartela kentzeko.

Hodei bizirik ikusi zuten azken pertsonek adierazi zutenez, beldurtuta eta atzera begira zebilen, beharbada norbait atzetik zebilelako susmoarekin.

"Hodei hil zuen pertsonak kreditu-txartela kendu zion dirua ateratzeko, baina ez zuenez lortu, Hodeiren bila bueltatu zen. Lapurretek Hodeiren desagerpena eragin zuten; oso lotura estua dute bi ekintzek. Epaileak ez du bat edo bestea izan omen zen esan, baina jakin badakigu bi ekintzek lotura dutela", esan dute gaztearen senitartekoek.

Hodeiren gurasoak Anberesen dira, familiartekoekin eta Galdakaoko lagunekin, eta atsekabea agertu dute epaiketaren ostean.

"Desengainua dugu", adierazi dute hedabideen aurrean.

Amak akusatuetako bati gerturatzea eskatu du (beste bi ustezko inplikatuak ihes eginda daude), begietara begiratzeko.

Epaileak hilabete barru inguru emango du epaia.