Itxi

Herriak eta Hiriak

Hartzekodunen konkurtsoa

Espainiako Gobernuak Navali irtenbide pribatua bilatzeko lan egingo du

Agentziak | Erredakzioa

Luis De Guindos Ekonomia ministroaren esanetan, Gobernua eta Eusko Jaurlaritza harremanetan izango dira Naval ontziolari 'irtenbiderik onena' bilatzeko.

  • Navaleko langileak Sestaon. EFE.

    Navaleko langileak Sestaon. EFE.

Luis de Guindos ministroak gaur jakinarazi duenez, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkarrekin harremanetan egongo dira Naval ontziolari "irtenbiderik onena" bilatzeko. Sestaoko ontziola hartzekodunen konkurtsoan sartu arren, Navalek lana baduela azpimarratu du Ekonomia ministroak.

EAJk Kongresuko osoko bilkuran ministroari horretaz galdetuta, De Guindosek esan du Gobernuak "hurbiletik" jarraituko duela ontziolaren eta langileen egoera, oso garrantzitsua baita Bizkaian, eta bereziki Sestaon, zuzeneko 200 lanpostu baino gehiago eta zeharkako 1.500 sortzen dituelako.

Hartzekodunen konkurtso egoeran egonda, Gobernuak eta Jaurlaritzak kapital pribatua lortzea dute helburu, De Guindosen arabera, eta Gobernua "irtenbide pribatuak" lortzeko lan egiteko prest dagoela adierazi du.

Ministroaren hitzetan, ontziolak lana dauka, lau ontzi egiten ari baita, eta, ildo horretan, kudeaketa txarrari egotzi dio gaur egun Navalek bizi duen egoera.

Naval ontziolak 50 milioi euroko zorra zuen hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuenean, abuztuaren bukaeran, eta zor horri hainbat ontzitan izandako atzerapenek ekarritako kostuak gehitu behar zaizkio, De Guindosek azaldu duenez.

Halaber, langileen zati handi batek Navantian, Izarreko eraikuntza militarreko taldean, lanpostua izateko eskubidea dutela esan du De Guindosek, Navaleko langileek bere garaian babes bereziko ituna sinatu baitzuten kalean geratuz gero irtenbiderik izateko.

Navalek administrazio kontseilu profesionala izango du konkurtsoari aurre egiteko

Naval ontziolak "profesionalizatutako" administrazio kontseilua izango du, ontziolaren "etorkizuna eta bideragarritasuna" bermatzeko, urriaren 7a baino lehen aurkeztuko duten hartzekodunen konkurtsoa egiten dutenean.

Ohar batean jakinarazi duenez, akziodunen batzarra deitu du enpresak ostiral honetan, irailak 15, goizeko 10:0etan, profesionalizatutako administrazio kontseilua eratzeko.