Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia 2017
Bilboko Udaltzaingoak 70 pertsonatik gora atxilotu ditu Aste Nagusian
Agentziak | Erredakzioa
Juan Mari Aburto alkateak arbuiagarritzat jo ditu larunbatean zenbait emakumek pairatutako eraso sexistak.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak igande honetan jakitera eman duenez, Udaltzaingoak 70 pertsona baino gehiago atxilotu ditu Aste Nagusian zehar delitu desberdinak egotzita, "joan zen urteko kopurua baino askoz handiagoa". Era berean, deitoratu eta salatu egin ditu larunbat goizean zenbait emakumek jasandako eraso sexistak.
Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXVII. Lehiaketa Nagusiko sari-banaketa ekitaldian egin ditu alkateak adierazpen horiek. Sari-banaketa horretan Madrilgo Vulcano piroteknia izan da garailea.
Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean "egunero" izan duten "primerako koordinazioa" nabarmendu du Aburtok. "Borroken, ebasketen eta indarkeriaz egindako lapurreten esparruan udaltzainek egindako atxiloketak 70 baino gehiago izan dira, eta kopuru horri Ertzaintzaren datuak batu behar zaizkio", azpimarratu du.
Modu horretan, joan zen urtean bi polizia kidegoen artean delitu desberdinengatik atxilotu zituzten 79 lagunen zenbatekoa gaindituko litzateke. Duela bi urte 52 lagun izan ziren atxilotutakoak.
Lehen aldiz udaletxe azpian konkatu den galdutako objektuen bulegoak egindako lana ere goraipatu du alkateak. "Bulegoan jaso diren objektuen erdia baino gehiago euren jabeei itzuli zaizkie", eta, horrenbestez, hurrengo urteetan gauza bera egiten jarraituko dutela aurreratu du Aburtok.
Bilboko Udalak jaien inguruan egindako lehen balorazioaren arabera, 1.300.000 pertsona baino gehiago izan dira aurtengo Aste Nagusian, eta guzti horiek bederatzi egun hauetan izandako 400 doako jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera izan dute. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, festetan giro ona eta parte hartze altua egon da.
Udalak zabaldutako datuen arabera, jaia lehertu zenetik azken larunbatera bitartean egunero 160.000 lagun inguru izan dira Bizkaiko hiriburuan.
Txikiguneak marka guztiak hautsi ditu
Urtero bezala, Casilda Iturrizar Parkeak haurrei bideratutako jarduerak hartu ditu. Udalak azpimarratu duenez, Txikiguneak marka guztiak hautsi ditu aurten, izan ere, egunero 150.000 haur baino gehiago hurbildu dira ongi pasatzeko asmoz.
Halaber, ikusle gehien erakarri ohi dituen beste ekitaldi batek pertsona asko bildu ditu. Izan ere, su artifizialen nazioarteko lehiaketan batez beste 100.000 lagun izan dira hirian gauero, zerua koloreztatzen duen ikuskizuna zuzenean ikusteko asmoz.
Ildo horretatik, Aburtok hiritarrak zoriondu ditu, parte hartze altua izateaz gain Aste Nagusian zehar elkarbizitza nagusitu delako. Hala, festetan murgiltzeko helburuarekin eta ongi pasatzeko gogoz hurbildu direla gaineratu du.
Bilboko Udalaren arabera, giro atsegin horrek egungo jai eredua babesten du, hau da; jai parte hartzaileak, herrikoiak, doakoak eta gustu zein adin guztietarako ekitaldiekin. Halaber, egitarauan jasotako jardueren maila altua nabarmendu du.
Eraso sexistask
Azkenik, alkateak deitoratu eta salatu egin ditu larunbat goizean Indautxu plazan bi emakumek jasan zituzten ukituak. Ukituaren egileak, gainera, beste emakume bat erasotzen saiatu zen Trenbide etorbideko atari batean, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen. Aburtok arbuiagarritzat jo ditu egintza horiek.
"Deitoratu eta salatu egin nahi ditugu larunbatean gertatu ziren eraso arbuiagarriak; aitzitik, pertsona bat atxilotuta dago, eta hori garrantzitsua da", adierazi du alkateak.
Zezenketak
Azkenik, hurrengo urteetan zezenketak ikusteko aukera egotea bilbotarren esku dagoela ziurtatu du. Izan ere, Zezenketen aurkako eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteak ekitaldi horrekin amaitzeko elkarretaratzea egin zuen joan den larunbatean.
Aburtok gogora ekarri duenez, Gasteizen zezenketarik gabeko jaiak egon dira aurten, ez delako inor agertu zezen-plaza kudeatzeko prest. "Une honetan, 2018ra arte, Bilbon enpresari batek kudeatzen du zezen-plaza. Ondorioz, pertsona horrek zezenketak antolatzen ditu Bilboko Aste Nagusiaren baitan", esan du alkateak.