Itxi

Herriak eta Hiriak

Aste Nagusia 2017

Zazpi pertsonak 4.300 kiloko harri bat mugituko dute Bilboko Aste Nagusian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Udalak herri kirolen eta euskal folklorearen egitaraua aurkeztu du, Aste Nagusirako.

  • Argazkia: Bilboko Udala

    Argazkia: Bilboko Udala

Herri Kirolak eta Euskal Folklorea nagusi izango dira 2017ko Bilboko Aste Nagusiak izango dituen 100 ekitalditan. Bilboko Udalak  Aste Nagusiko programan adin tarte eta gustu guztientzako jarduerak eskainiko ditu, besteak beste, bilbainadak, euskal dantzak, bertsolariak, erraldoi eta buruhandiak, herri kirol erakusketak eta pilota lehiaketak nagusi izango dira.

Jarduera horien bitartez, Udalak, bilbotarrak euskal kulturaz eta folkloreaz gozatzeko aukera izateaz gain, atzerritarrei gure tradizioen berri ematea du helburu. Festak abuztuaren 19an hasi eta 27an bukatuko dira.

Abuztuaren 25ean, Bilboko Egun Handian, zazpi pertsona 4.300 kiloko “Mungiako harri mitikoa” mugitzen saiatuko dira.

Abuztuaren 22an, 20:00etan, Plaza Berria izango da protagonista. Izan ere, bertan ospatuko baita, aurten ere, "Larrain dantza". Gero eta gehiago dira jantzi tradizionalez apainduta gerturatzen diren bilbotarrak. Berez, belaunaldi berriek euskal kultura ezagutzea eta dantzan disfrutatzea da ekimen honen xede.

Nahiz eta "Larrain Dantza" jarduera nagusia izan, hainbat dira Aste Nagusiko programak dituen ekimenak. Ohikoa denez, bederatzi egunetan zehar, Areatzak eta Alde Zaharrak euskal folklorea eta kulturaren erakusketa desberdinak hartuko dituzte. Txistulariak eta gaita-jotzaileak Alde Zaharretik egongo dira, egunero, goizeko 10:00etan. Bertsolariak, berriz, Santiago Plazan 13:00etan.

Halaber, ordu berean, Bilbotarrak taldeak bilbainadak abestuko ditu Alde Zaharretik eta euskal dantza erakusketak, aldiz, Plaza Berrian ikusteko aukera izango da 19:00etan. Umeek erraldoien eta buruhandien desfileaz gozatu ahal izango dute. Gainera, hauek erakusgai egongo dira Euskal Museoan eta dohainik bisitatu ahal izango dira abuztuaren zehar.

Kirol egitarauko jarduera guztien artean Bilboko XL. Estropada aipatu behar da. Baita Areatzako herri-kirol erakusketak eta Erripa kaiko pilota-lehiaketak ere.

Bizkaiko Txistularien Elkarteak 30 urte baino gehiago daramatza, Aste Nagusian, Bilboko kaleak animatzen. Beste behin ere, txistulariak goizeko 10:00etatik aurrera Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira. Gainera, aurten ere, Plaza Berrira hurbiltzen direnek, igandean, abuztuaren 27an 13:00etan, ohiko Txistularien Alardeak eskainitako kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Aurten, Maixa eta Ixiar taldea gonbidatu berezia izango da.

Abuztuaren 25ean, ostirala, 13:00etan, Albokariak ibilbidea Arriagako plazan hasi eta Alde Zaharra zeharkatuko dute. Guztira, 30 albokari baino gehiago, zenbait pandero eta euskal instrumentu desberdinek Alde Zaharra musikaz beteko dute Aste Nagusian.

Honez gain, Dunbots (abuztuak 25) eta Ardoa Barrura (abuztuak 26) fanfarrek Ledesma eta Diputazio kaleetan joko dute 13:00etatik 14:30etara eta Alde Zaharrean, 19:30etatik 21:00etara.

Aurten ere, goi-mailako 27 bertsolarien inprobisazioez gozatzeko aukera izango dugu. Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Ohiane Perea, besteak beste, izango dira bertso saioak burutuko dituzten izen handiak. Bertsolarien ekitaldiak Santiago Plazan izango dira egunero, eguerdiko 13:00etan, asteazkenean 23an izan ezik, 14:00etan izango dela, bertso-bazkaria dela eta. Gainera, aurtengo berrikuntzen artean, "EZ DA KASUALITATEA" bazkaria izango dugu, non emakume bertsolariak nagusi izango dira.

Halaber, Bilbotarrak kantu taldeak doinuez beteko ditu Alde Zaharreko kaleak. Baita tabernak ere. Izan ere, elkarteak bi hamarkada baino gehiago darama ondoen dakiena egiten; kantatzen. Honen baitan, 13:00etatik aurrera bilbainadak nagusi izango dira Aste Nagusiko eguerdietan.

2017ko Aste Nagusian ere, euskal dantzekin izango dira abuztuaren 20tik 27ra bitartean arratsaldeko 19:00etan Plaza Berrian. Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren gidaritzapean, talde hauek parte hartuko dute: Zerutxu (Markina) igandeak 20; Goi-Alde (Erandio) astelehenak 21; Gaztedi (Santutxu) astearteak 22; Salbatzaile (Castaños) asteazkenak 23; Alkartasuna (Bermeo) ostegunak 24; Urdaibai (Forua) ostiralak 25; Mikel Deuna (Iurreta) larunbatak 26; eta Beti Jai Alai (Basurto) igandeak 27.

Bilboko Udalak azaldu duenez, "bilbotar guztiak gonbidatu nahi ditugu euskal dantzez gozatzera eta asteartean, abuztuaren 22an 20:00etan, Plaza Berrian izango de "Larrain Dantzan" parte hartzera". Gainera, "aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere "Euskal jantziaz etorri!" lelopean, herritarrak garaiko jantzia jantzita dantzan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu".

Euskal folklorearen parte da, hain zuzen, "Larrain dantza". Dantzariek biribilean jartzen dira eta bueltak ematen dituzte erlojuaren orratzen kontrako norabidean. Bikoteka dantzatzen da, horretarako, dantzariek, zapi batekin elkar lotzen dira eta arku baten azpitik paso egiten dute ondoren, berriz, biribilean jartzeko. Honen ondoren, balsak eta jotak dantzatu egiten dira. Beraz, hartu ezazue zuen abarkak, txapela eta buru-zapia Larrain dantza dantzatzeko.

Erraldoi eta buruhandiak Aste Nagusian protagonistak ere izango dira aurten. Ehunka pertsonek, umeek zein helduek, beren konpainiaz gozatzeko aukera izango dute Bilboko kale desberdinak zeharkatuko dituen desfilean. Erraldoi eta buruhandiak egunero irtengo dira Euskal Museotik, goizeko 11:00etan, abuztuaren 27an izan ezik, Erraldoien Jarraigoarekin bat eginez 10:30etan irtengo direla Plaza Biribiletik.

 

Izan ere, abuztuaren 27an, Erraldoien XXIX. Kontzentrazioa egingo da Bilboko Areatzan. Bertan izango dira, hain zuzen, Sanduzelai (Iruñea), Arrasate, Kanbo, Irrintzi (Donostia), Ondalan Ondalan Txikirekin (Deustu) eta Mairuek-Gaztedi (Bilbo) taldeak. Beste udalerri batzuetako erraldoien kontzentrazioa da eta gure erraldoiek hauekin bat egingo dute Tutera, Eltziego, Elgoibar, Bermeo eta Elizondon, besteak beste.

Gainera, lau metro baino gehiagoko altuera duten 12 erraldoi eta zenbait buruhandi ikusgai egongo dira Euskal Museoko klaustroan uztailean eta abuztuan. Sarrera doakoa izango da.

Kirolari dagokionez, 2017ko Aste Nagusia herri kirolen agertoki bihurtuko da berriz ere. Bertan, bilbotarrek zein Bilbora hurbiltzen diren guztiek hainbat kirol-ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: "Villa de Bilbao" XL Estropada, Deustuko Arraun Elkarteak antolatuta, itsasadarrean urtez urte milaka arraunzale elkartuz. Ekitaldia igandean 20an izango da 17:00etan.

Aste Nagusian ospatuko den estropada, ARC-1 Ligako azkena da. Beraz, play off-etara igotzeko azken aukera izango da. Aurtengo lehiaketan, Santurtzi-Iberdrola, Donostiarra, Zarautz-Navascal, Lekittarra-Elecnor-Bm, Deusto-Bilbao, Zumaia, Orio-Babyauto, Sdr Pedreña, Getaria, Portugalete-Mendeurrena, Arkote-Helvetia eta Nt2 Hondarribia taldeek parte hartuko dute.

Aurreko edizioen arrakastaren ondoren, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak antolatutako pilota txapelketak, abuztuaren 25, 26 eta 27an, Erripako Kaian jarritako pilotalekuan izango dira. Leku honekin ikusleri kopurua handitu da eta milaka pertsonek txapelketez, lantegiez, jokoez eta erakusketez gozatzeko aukera izango dute. Gainera, egun horietan, 12:30etatik 14:30etara eta 17:30etatik 20:30etara modalitate desberdinetan jokatzeko aukera egongo da.

Aste Nagusian zehar, Bizkaia frontoiak zenbait txapelketa jasoko ditu. Honez gain, kirol ekitaldian herri-kirolak izango dira ikusgai, Leioako Euskal Kirol Taldearen eskutik, ia 40 urtez ekitaldi hauetan parte hartuz. Areatzan izango dira egunero, 12:00etan. Han izango dira aizkolariak, harrijasotzaileak edota sokatira probak. Informazio osoagoa Bilboko Udalaren web orrian dago eskuragai.