Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak 2017

Asironek jaien balorazio positiboa egin du eta eraso sexistak salatu ditu

Agentziak | Erredakzioa

Kalean giro polita egon dela adierazi du Asironek. Eraso sexistei dagokienez, Udalak amore emango ez duela esan du alkateak.

1:37

Joseba Asiron Iruñeko alkateak 2017ko sanferminen balantzea positiboa dela adierazi du gaur. Jaietako alde negatiboa eraso sexistak izan direla esan du, eta Iruñeko Udalak horiek borrokatzen jarraituko duela azpimarratu du Asironek.

Asironek gerturatu diren komunikabideetako kazetariei adierazi dienez, aurtengo jaiak “oso onak izan dira”, eta, oro har, kaleetan giro polita egon dela nabarmendu du alkateak.

“Gutxika-gutxika, egitarau ofiziala eta kolektiboek antolatutako ekintzak uztartzen ari gara, eta horrek esan nahi du sanferminen berezko espiritua lortzeko ahaleginak egiten ari garela”, esan du Asironek.

Sanferminetara gerturatutako bisitariei dagokienez, oraindik datu ofizialik ez dagoen arren, zifra “interesgarriak” lortu direla esan du udalburuak. Garraio publikoaren erabilera % 5 hasi dela ere gaineratu du Asironek.

Egitarauko ekitaldi berriei dagokienez, “arrakastatsuak” izan direla esan du. Gainera, kontzertuak aipatu nahi izan ditu alkateak, “oso ondo funtzionatu dute”, esan du.

Segurtasuna Udalaren “kezketako bat” zela esan du Asironek, eta, behin-behineko datuen arabera, salaketak % 10 inguru jaitsi direla esan du. Alkatearen aburuz, sanferminak “jai seguruak” dira.

“Urteetan zehar, gaueko giroan enfasi berezia jarri izan da, existitzen delako eta oso positiboa delako, baina badaude indartu beharreko beste esparru batzuk”, adierazi du Asironek.

Eraso sexistak

Iruñeko alkateak adierazi duenez, Udalean “ez dute amore emango” eraso sexisten kontrako borrokan.

Azken datu eta balorazioen zain dauden arren, Iruñeko biztanleek eraso sexisten aurka egiteko izan dituzten jarrerak eta baliabideak eredugarriak direla azpimarratu nahi izan du udalburuak.

Asironen ustez, Iruñean eraso sexistak ekiditeko eta borrokatzeko erabilitako protokoloak aplikatuko dituzte uda honetan “hainbat hiritan”.