Itxi

Herriak eta Hiriak

SANFERMINAK

Jandillako zezenek entzierro azkarra eta garbia egin dute

EITB.EUS

Bi minutu eta hamahiru segundo behar izan dituzte ibilbidea egiteko. Bi pertsona ospitaleratu dituzte, buruan kolpea hartu baitute.

1:55

Jandilla ganadutegiko zezenak izan dira 2017ko sanferminetako bosgarren entzierroaren protagonistak. Entzierro azkarra egin dute, bi minutu eta hamahiru segundo bakarrik behar izan baitituzte ibilibidea egiteko; aurtengo entzierro azkarrena izan da beraz. Bi pertsona zauritu dira, baina bat ere ez adarkadaz.

Zezenak bat eginda atera dira ukuiluetatik, baina metro gutxi batzuk geroago, Santo Domingoko aldapan, hiru zezenek aurrea hartu diote taldeari. Metro batzuetako aldea aterata egin dute udaletxe plazaraino, eta han zezen buztinkara batek bat egin du beraiekin. Hortik zezen plazarainoko bidea elkarrekin egin dute lau zezen horiek.

Atzerago iritsi dira zezen plazara gainerako bi zezenak eta joaldunak, horiek ere bat eginda.

Arrisku gehieneko unea Estafeta kalean izan da, hain zuzen ere, aurretik zihoazen zezenek Estafeta kalean hesiaren ondoan geldirik zegoen korrikalari australiar bat aurretik eraman dutenean. Irudia ikusgarria izan bada ere, lasterkariak ez du adarkadarik jaso.

Osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, bi pertsona ospitaleratu dituzte, buruan kolpea hartu baitute. Lehendabiziko zaurituak —19 urteko iruindarra— udaletxe inguruan hartu du min; bigarrenak —26 urteko barañaindarra—, berriz, Telefonicako zatian. Itxuraz, zauri arinak dituzte.

SAN FERMIN ENTZIERROA JANDILLA PLAZAN SARTZEN JENDEA EFE

Jandillako zezenak izan dira bosgarren entzierroko protagonistak. Argazkia: EFE

Ganadutegi honetako zezenek entzierro arriskutsu eta azkarrak egin ohi dituzte Iruñean. Azken bi urteetan ez dute inor adarkatu, baina aurrekoetan 30 korrikalari zauritu dituzte adarkadaz.

Hain zuzen ere, atzoko egunez, duela zortzi urte, hil zen azken korrikalaria sanferminetako entzierro batean. Jandilla ganadutegiko zezen batek, Capuchino izenekoak, lepoan adarkatu zuen Daniel Jimeno, Madrilgo Alcala de Henares udalerriko 27 urteko gaztea.