Herriak eta Hiriak
Andre Maria Zuriaren jaiak
Eva Garcia Saenz de Urturi: ‘Anekdota asko ditugu txupinazoan’
Agentziak | Erredakzioa
Abuztuaren 4an "El Silencio de La Ciudad Blanca" bezalako liburu ezagunen idazle gasteiztarrak hasiera emango die aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiei.
-
Gorka Urtaran alkatea eta Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarra. Argazkia: EFE
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Eva Garcia Saenz Urturi idazle gasteiztarrak agerraldia egin dute ostiral honetan San Migel elizaren aurreko balkoian. Idazle ezagunak Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko ardura izango du aurten. Urtaraneak "Gasteizko enbaxadore" gisa aurkeztu du idazlea, hirian girotuta dauden bi eleberriek milaka irakurle baitituzte munduan.
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko "ohorea onartu izanagatik pozez" agertu da Eva Garcia Saenz de Urturi. Ildo horretatik, berarentzat bai eta berarekin batera etorriko diren senideentzat ere oso egun garrantzitsua izango dela nabarmendu du, jaien hasiera San Migel elizaren balkoitik ikusteko aukera izango baitute lehen aldiz.
"Jaien hasiera behetik jarraitu dugu urtero, eta txupinazoa jaurtitzen den bitartean bertan gertatzen diren anekdota asko ditugu. Alabaina, aurten oso egun berezia izango da, eta bihotzez eskertzen dizuet hiri guztiak hiru liburuei adierazitako esker ona", esan du idazle gasteiztarrak.
"Duela bizpahiru urte, protagonistaren etxeko ataria imajinatzen nenbilen, eta, hemen bertan, San Migel elizaren balkoian, biktima batzuk. Baina sekula ez nuen imajinatzen idazlea bera izango zela txupinazoa jaurtiko zuen pertsona", aitortu du.
Gorka Urtaran alkatea eta Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarra. Argazkia: EFE
Beste alde batetik, idazleak bere liburu guztietan Gasteiz kontuan hartzen duela nabarmendu du Gorka Urtaranek, eta Gasteizko enbaxadore ezin hobea dela gaineratu du. Gauzak horrela, mundu osoko milaka irakurleren imajinazioan hiria erakusten duen idazlearekin bat egiteko aukera izatea ohore handia dela esan du.
Urtaranek gogora ekarri duenez, El Silencio de La Ciudad Blanca liburua 2016ko Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan girotuta dago. "Nork esango zigun aurtengo txupinera Eva izango zenik? Idazlea bera izango zela 2017ko txupinazoaren protagonista?", gaineratu du alkateak.