Gasteizko jaiak
Gasteiz
Esne Beltza, Izal, Dvicio eta Celtas Cortos, Gasteizko jaietan
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak 2016ko Andra Maria Zuriaren jaien egitaraua aurkeztu du. Aurten 350 ekitaldi egongo dira.
Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietan 350 ekitaldi egongo dira, eta Foru plazako kontzertuak izango dira aurtengo jaietako jarduera nagusiak. Izan ere, Izal, Dvicio, Esne Beltza, Reincidentes eta Celtas Cortos taldeek euren emanaldiak eskainiko dituzte esparru horretan, abuztuaren 4tik 8ra.
Gainera, euskarak presentzia nabarmena izango du ekitaldi eta espazio guztietan: Foru plazan, Esne Beltza arituko da; txosnetan, Willis Drummond, eta “Umore txokoan”, Joseba Usabiaga eta Jose Kruz Gurrutxaga.
Horiekin batera, tokiko artistak eta taldeak izango dira: Izal (Foru plaza), Kodigo Norte (Aihotz plaza), Gorka Aguinagalde, En Tol Sarmiento, Green Valley, Circortito eta Dramagia.
Era berean, su artifizialak abuztuaren 5etik 8ra bitartean izango dira Mendizabalan, 23:00etatik aurrera. Abuztuaren 5ean Murtziako Fernandez anai-arreben txanda izango da; abuztuaren 6an, Pibierzo pirotekniarena; abuztuaren 7an, Martik jaurtiko ditu su artifizialak; eta, abuztuaren 8an, Valentziako Gironina pirotekniaren txanda izango da. Gainera, piroteknia onenari botoa emateko aukera izango dute herritarrek, web-orrian edo 010 telefonoan, abuztuaren 5eko 23:30etik abuztuaren 9ko 18:00ak arte.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gasteiztarrak animatu ditu jaiak "errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan" oinarritzeko. Alde horretatik, jarrera sexista edo homofoborik ez dituztela nahi gaineratu du.
Halaber, espazio gehienak mugikortasun murriztuko pertsonentzat moldatuko dira, eta ikuskizun batzuetan zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da.
Beste alde batetik, Gasteizko Udalak 50 gonbidapen bikoitza zozketatuko ditu Zeledon San Migeletik jaisten denean balkoian egoteko, abuztuaren 4an. Gasteiztarrek udalaren web-orrian, 010 telefonoan edo Udalaren telefonogunean (945161100) eman beharko dute izena zozketan parte hartzeko.
2016ko Andre Maria Zuriaren jaietako aurrekontua ia 770.000 eurokoa izan da, Udalak ohar batean azaldu duenez.
azaldu duenez.