Itxi

Gasteizko jaiak

Polemika Gasteizko jaietan

Bilgune Feminista: 'Barkamena eskatzea ez da nahikoa'

EITB.EUS

Jatorrak koadrilako kide batzuk kanporatzea eskatu du Arabako talde feministak emakume bati irain sexistak egiteagatik. Gorka Urtaran alkatea bitartekari lanak egiteko prest agertu da.

1:38

Polemikak eman die amaiera Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaiei. Ika-mika dago Bilgune Feminista taldearen eta Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordearen artean, Jatorrak koadrilako sei kidek emakume bati ustez egin zizkioten irain sexistak eta talde feministak koadrila honi egindako boikota dela eta.

Bilgune Feministak prentsaurrekoa eskaini du gaur gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko. Izaskun Goienetxea talde feministako kideak nabarmendu duenez, "barkamena eskatzea ez da nahikoa" eta eraso sexisten aurka Blusen eta Nesken Batzordeak sinatutako protokoloa betetzeko eskatu du, hau da, erasoa egin duten kideak kanporatzea.

Auzia abuztuaren 5ean abiatu zen. Emakume batek Jatorrak koadrilako sei kidek irain sexistak egin zizkiotela salatu zuen. Biharamunean, Nesken eta Blusen Batzordea eta kolektibo feministako kideak bildu ziren. Batzordeak irain horiengatik barkamena eskatu bazuen ere, "mespretxagarriak" izan ez zirela azpimarratu zuen.

Handik bi egunera, abuztuaren 8an, koadrilen paseotxo oztopatu zuten Bilgune Feministako hainbat kidek, "eraso sexistak salatzeko eta beste mota bateko jaiak aldarrikatzeko" protesta gisa. Talde feministako kideek azaldu dutenez, protesta honek ez zuen abuztuaren 5ean jazotako erasoarekin zerikusirik eta Jatorrak koadrila "mutilak bakarrik onartzen dituelako" hartu zuten jomugan.

"Nazkatuta gaude irainak eta ukipenak jasateaz alkoholaren aitzakipean edo aitzaki izan gabe. Jaietan, biak eman dira", salatu du Goienetxeak prentsaurrekoan.

Hala, protokoloa bete eta sei kideak kanporatzeko deia egin die Nesken eta Blusen Batzordeari eta jarrera sexistak babesten dituzten koadrilei diru-laguntzak kentzeko eskatu diote Gasteizko Udalari.

Nesken eta Blusen Batzordeak deituta, kalejira-protesta egin zuten atzo koadrilek Bilgune Feministaren jarrera salatzeko.

Urtaran, bitartekari lanak egiteko prest

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Bilgune Feministaren eta Nesken eta Blusen Batzordearen artean dagoen polemika deitoratu du eta aldeen artean bitartekari lanak egiteko prest agertu da.

Jaien balantzea egiteko prentsaurrekoan, eraso sexisten aurrean "zero tolerantzia" izan behar dela nabarmendu du, baina blusa guztiak ez kriminalizatzeko eta ez orokortzeko deia egin du.

Urtaranen aburuz, "ezin da orokortu, blusen eta nesken gehiengoa errespetuz ondo pasatzen duten lagunak baitira". Hori horrela, elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko apustua egin du eta behar izanez gero, aldeen artean "bitartekari lanak" egiteko prest agertu da.