Gasteiz
Alkate ohiak
Lokal baten alokairuagatik Alonsori egindako epaiketa, epaiaren zain
Agentziak | Erredakzioa
1999tik 2007rako Gasteizeko alkate Alfonso Alonsok dio legezkoa izan zela San Antonio auzian berak egindakoa, eta hiriaren onura nahi zuela kontratua sinatu zuenean.
Kontuen Auzitegiak epaiaren zain utzi du epaiketa kontablea non epaitu dituzten Alfonso Alonso jarduneko Osasun ministroa, Javier Maroto PPko Sektore idazkaria eta Gasteizko udal-gobernuan 2003tik 2007ra bitartean izan ziren kideak. Bulego batzuen alokairuagatik egin diete epaiketa; Fiskaltzak ez du akusatzen auzi honetan.
Auzitegiak ikertu izan du alokairu hori; hain zuzen ere, 20 urterako alokairua da, eta lokalak 900 metro koadro ditu. San Antonio kalean dago, eta udal-bulegoak jarri nahi zituzten. Gaur egin da aho-epaiketa, eta ez dira bertaratu garai hartako alkatea (Alonso) ez eta Ogasun zinegotzia (Maroto). EAJ eta PSEko udal-taldeek egiten dituzte akusazioak, bai eta EAJko Gorka Urtaranek zuzentzen duen udalbatza berriak.
Akusazioen arabera, alokairu horretan erantzukizun kontablea egon liteke, garai hartako udal-gobernuaren aldetik; izan ere, akusazioak uste du alokairua nahita adostu zutela udal-teknikari batek egindako txostenak gomendatzen zuen baino handiagoa.
Goi-funtzionario batzuen grabazioak
Epaiketan, Udaleko goi-funtzionario batzuen grabazioak entzun dituzte; Udalak 2013an sortu zuen ikerketa-batzordean testigatu zituzten eurek. Besteak beste, Iñaki Diez Unzuetak testigatu zuen, eta azaldu zuen San Antonio bulego horiek oso egokiak zirela herritarrentzako arreta zerbitzua eta Turismo Udal Bulegoa batzeko; izan ere, Turismo Bulegoa kokatzen zen lokalaren alokairu-kontratua amaituta zegoen.
Hala ere, Udalaren eta EAJ eta PSE-EEren izenean akusazioa egiten ari diren abokatuek esan dute bi urtean izan zirela obrak bulego horietan; hortaz, abokatuek uste dute ezinezkoa dela premiazkoa izatea.
Auzitara eramandakoen abokatuek, aldiz, berretsi dute ez zela aurrekontuko arau-hausterik izan, ez eta zabartasunik ere. Defentsak zehaztu du alokairu-kontratu pribatua sinatu zutela eta nabarmendu du prezioak merkatukoarekin bat egiten zuela; halaber, gogorarazi ere gogorarazi du nola oraingo akusatzaileak agintean izan ziren 2007tik 2011ra eta ez zuten ezer esan.
Adierazi ere adierazi dute auzia preskribituta izan litekeela; izan ere, ia hamar urte joan dira kontratua sinatu zutenetik.
Kontuen Auzitegiak otsailaren 15ean egin zuen aurreko audientzia bat, non Ministerio Fiskalak esan zuen ez zuela demandarik egingo, ez baitzuen ikusten ardura kontablerik; hasiera batean, kalkulatu zuen 500.000 euro inguruko kaltea egin ziola kontratuak udaleko diru-kutxari, eta, hortaz, baterako fidantza eskatu zuen, 500.000 eurokoa, garai hartan udal-gobernuan zeuden bederatzi kideentzat.
Alonso: "Legala izan zen, eta hiriaren onura nahi genuen"
Euskadiko PPko presidente Alfonso Alonsok esan du espero duela epaiketak laguntzea dena behar bezala argitzen, eta nabarmendu du legala izan zela berak egindakoa, eta hiriaren onura bilatzen zuela operazio hark.
Donostian emandako prentsaurrekoan (Euskadiko PPren gobernuak bertan izan du bilera), Gasteizko alkate ohiak esan du urte asko eman dituztela auzi honekin, eta "pozik" dagoela, "zeren eta, azkenean, amaiera emango baitzaion".
Alonsok konfiantza du, eta uste du dena behar bezala argituko dela: "Badakite zehazki zer dagoen". PPko agintariak gogorarazi du ez direla epaitzen ari ea egindakoa legala izan zen, "hori ez da inoiz zalantzan egon", baizik eta ea udal-gobernuak interes orokorra bilatu zuen ala ez.
Alonsok, ildo horretan, baieztatu du bermatu ahal duela nola hiriaren onurarako egin zuten operazioa.
ong> operazioa.ong> operazioa.