Itxi

Donostiako Aste Nagusia

Jaiak

Urteko asterik nagusiena festaz beteta dator Donostiara

EiTB.EUS

Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusia Kanoikadarekin hasiko da gaur, eta denetarik ekarriko du: musika, kolorea, su artifizialak… eta piratak. Astelehenean izango da Abordatzea.

  • Kanoikadak emango dio hasiera Donostiako Aste Nagusiari. Argazkia: EFE.

    Kanoikadak emango dio hasiera Donostiako Aste Nagusiari. Argazkia: EFE.

Fangoria, Ken Zazpi, Gatibu, Willis Drummond eta Celtas Cortos, besteak beste, musika-kontzertuetan; su artifizialak, nola ez, eta gainera Europa mailako Kultura Hiriburuak izan edo izango diren hirietatik heldutakoak; piratak, pirata asko, apur bat lehenago egindako ontzietan Badiara helduko direnak. 2016ko Donostiako Aste Nagusiak hori eta askoz ere gehiago dakar, gaurtik hasita; beti bezala, kanoikadak emango dio hasiera festari, Alderdi Ederren, 18:25ean.

Urteko asterik nagusiena, aurten, oso berezia izango da; izan ere, Donostian hainbat kultura ekitaldi ari dira egiten urtearen hasieratik, Donostia 2016 egitasmoagatik. Ondo-ondo ospatzeko, zapi berria izango dute jaiek; Iñigo Garvik diseinatu du, eta zuria da, baina ez osorik: lauki urdin bat ere badu, hiriko banderak bezala. Segur aski, donostiar eta bisitari askok jantziko dute Aste Nagusiko kontzertuetan; aipatu artista eta taldeez gain, Saguesen ondorengoak ere izango dira: Efecto Pasillo, Sweet California, Antonio Orozco, Protocolo Kaoshy, Michael Legend eta Orquesta Mondragon. Michael Jackson gogoraraziko duen kontzertu bat ere izango da.

Su artifizialak ikusteko, noski, berriro ere bilduko dira milaka txiki, gazte eta heldu, zeruari begira. Kontxako Badian jarritako plataforma batetik botako dituzte, eta Madril, Lisboa, Florentzia, Paris edo Santiago de Compostelatik etorritako piroteknia-etxe batzuk arduratuko dira gauak argitzeaz. Zergatik? Bada, hiri horiek Europa mailako Kultura Hiriburuak izan direlako.

DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA 2015 SEMANA GRANDE DE DONOSTIA EFE

2015ean ikusitako su artifizialetako bilduma baten irudia. Argazkia: EFE.

Piraten Abordatzea astelehen arratsaldean egingo dute. Dagoeneko, egitarauaren ekitaldirik esperoenetakoa da. Parte hartu nahi dutenak egun horretako goizean hasi beharko dira ontziak prestatzen; nola abuztuaren 15eko jaiegunarekin bat egingo duen, aurten ez da laneguna Abordatzea. Donostiako Piratak kolektiboak, bide batez, ekitaldi-egitaraua ere prestatu du; hemen kontsultatu ahal da, euren webgunean. Musikak, halaber, garrantzi handia izango du Flamenka euren gunean.

Piratarena egin ostean gerran jarraitzeko gogoa duenak, apunta dezala agendan abuztuaren 16a: eguerdian, Saguesen, merenge-gerra izango da. Hiru maila egongo dira, guztiek parte har dezaten: txikientzakoa, 9-16 urte bitartekoentzakoa eta gazte eta helduentzakoa.

Piratak Donostia EFE

Milaka piratak hartuko dute parte Abordatzean. Argazkia: EFE.

Greba Euskotren eta lur azpiko aparkalekuetan

Bestalde, Donostiako jaietan bi greba daude deituta, alegia, Euskotrenen eta lur azpiko aparkalekuetan. Euskotrenen, Amara eta Arasoko tren-gidariek lanuzteak dituzte deituak, eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, gutxienez zerbitzuaren % 75 bermatzeko asmoarekin. Igandean, hilaren 14an, abuztuko gainerako igandeetan bezala, Donostiako lur azpiko aparkalekuetako langileek greba-deialdia dute indarrean.

Garraio publikoari buruz, kontuan izan behar da Lurraldebusek zerbitzu bereziak eskainiko dituela Aste Nagusian, eta zerbitzu horren barnean Illumbe zezen-plazarako zerbitzua dagoela.

Ohar batean, Euskotrenek jakinarazi du tren-zerbitzu berezia egongo dela, Lasarte-Donostia-Hendaia eta Zumaia-Donostia (Kosta) lineetan, abuztuaren 13tik 20ra, biak barne. Gau-trenak izango dira egunero. 21:15etik 23:30era, Amara-Hendaia linean ez da zerbitzurik egongo, grebaren ondorioz. Grebak, hori bai, ez du eraginik izango su artifizialen osteko zerbitzuan.

Kontsultatu Donostiako Jaietako egitaraua, bai eta eitb.eus-en webgune berezia Donostiako Jaiei buruz; ikusi gure webgunean Kanoikada, larunbat honetan bertan.