Donostia
Polemika
Horrela erabaki zuten Urrezko Danborra Angels Barcelori ematea
eitb.eus
San Sebastian Turismo erakundearen baitan, ostalariek, hotelariek eta PSE-EEk bozkatu zuten Barceloren hautagaitzaren alde.
-
Angels Barcelo kataluniar kazetaria. EiTB
Aurtengo Urrezko Danborra Angels Barcelo kataluniar kazetariari emateko erabakiak hautsak harrotu ditu Donostian. Ez du inork zalantzan jarri haren profesionaltasuna, baina hiriarekin zer-nolako lotura duen galdetu dute oposizioak eta hainbat herritarrek.
San Sebastian Turismo erakundearen administrazio kontseiluak bilera egin zuen atzo, Urrezko Danborra nori eman erabakitzeko, eta Angels Barceloren izena ostalariek eta hotelariek proposatu zuten. PSE-EEk ere babestu zuen proposamena.
Gainerako alderdiek, ordea, Alicia Amatriain dantzariaren alde bozkatu zuten.
Hori horrela, Angels Barceloren hautagaitza sektore pribatuak babestu zuen (12 eserlekutik 5 ditu administrazio kontseiluan), eta PSE-EEko bi ordezkariek bat egin zuten.
Proposamena asteazken honetan bozkatuko dute Donostiako udaleko saioan, eta oposizioko alderdiek iragarri dute ez dutela babestuko.
Hain zuzen ere, EH Bilduk eta Irabazik aurreratu dute ez dutela Barceloren alde bozkatuko, eta PPk ez duela aurka egingo. EAJk ez du oraindik baieztatu zer bozkatuko duen; atzo, Alicia Amatriainen alde egin zuen.