Bilbo
Asteazkenean onartuko dute
Taberna gehiago zabaltzea debekatuko dute Indautxun eta Abandon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrela, Bilboko Udalak Zazpikaleekin abiatutako bideari ekingo dio berriz.
Bilboko Udalak ez du onartuko taberna gehiagorik irekitzea Zabalgunean, hau da, Indautxun, Abandon, Basurtuko parte batean eta Castañosen, udal plangintzaren kontseiluak astelehen honetan erabaki duenez.
Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Udalak Zazpikaleetan abiatutako eredua jarraituko du Zabalgunean. Hori horrela, urtebeteko epea izango du erregulazio berria onartzeko, baina epea ez agortzea espero du Udalak.
Ostalaritza establezimendu gehiago zabaltzeko mugak jarriz, Udalak hirigintza hazkunde jasangarria ezarri nahi du, jarduera komertziala "orekatuta" egon dadin eta auzokideek "bizikidetza hobea" izan dezaten.
Bilbao Ekintzaren arabera, 2008 eta 2015 artean % 0,2 jaitsi da taberna kopurua Indautxun, eta % 6,7 Abandon. Nolanahi ere, zenbait kaletan hazkundea % 7 eta % 38 artekoa da.