Bermeo
Bermeon
'Game of Thrones'ek begiraleak eta segurtasun laguntzaileak behar ditu
agentziak | erredakzioa
Parte hartu nahi dutenek Bermeoko Behargintzara joan behar dute irailaren 6an, asteartean, 10:00etan.
-
'Game of Thrones'.
'Game of Thrones' mundu mailan fama handia duen telesailak Bermeon egingo duen grabaziorako begiraleak eta segurtasun laguntzaileak behar ditu. Horregatik, 'Game of Thrones'eko segurtasun enpresak aukeraketa prozesu bat egingo du irailaren 6an, asteartean, Bermeoko Behargintzan.
Hortaz, interesa duten pertsona guztiek Bermeoko Behargintzako egoitzara (Zubiaur tar Kepa 26-28) joan behar dute irailaren 6an, asteartean, 10:00etan.
Segurtasun laguntzaile izan nahi dutenek NANa aurkeztu beharko dute, eta begirale izan nahi dutenek, berriz, NANa eta TIP txartela aurkeztu beharko dituzte.
Bermeoko Udalak uztailean baieztatu zuenez, Gaztelugatx da HBO telebista-kate estatubatuarrak herrian "Game of Thrones" filmatzeko hautatutako lekua.
Telesaila filmatzeko, 400 pertsonako talde teknikoa etorriko da Bermeora.
GRABAZIOA ZUMAIAN
Telesail ospetsuaren zazpigarren denboraldia, besteak beste, Bizkaiko herri horretan eta Zumaian filmatuko dute.
Hilabete luze pasatu da, jada, Udalak Game of Thrones Zumaiara joango dela jakinarazi zuenetik, eta, ordutik, asko izan dira bertan parte hartzeko interesa agertu dutenak. Hori dela eta, Udalak adierazi du datorren astelehenean, irailaren 5ean, ekoizleak lan-poltsa bat jarriko duela martxan.
Hala, telesailaren ekoizpenean parte hartu nahi dutenek 11:00etatik 17:00etara eman ahal izango dute izena Alondegian. Bertaratzen direnek fitxa bat bete beharko dute, euren ezaugarri eta datu pertsonalak emanez, eta ekoizlea bera arduratuko da behin betiko hautaketa prozesua gauzatzeaz.
Udalak uztailean iragarri zuen moduan, pertsona asko beharko dira askotariko lanak egiteko. Lan-poltsaren baitan, atrezzorako lorezain postuak zein zamalanetarako, garbiketarako eta segurtasunerako postuak eskainiko dituzte. Azken horren kasuan, segurtasunari dagokionez, titulu profesionalaren agiria (TIP) eskatuko dute zenbait postu betetzeko.