Nagore
Zaldibarko luizia
Agentziak
Sailburuak agerraldia egin du lehendakariarekin eta hiru sailbururekin batera Jaurlaritzaren kudeaketa azaltzeko; ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari da eskatzen, Beltran de Herediaren hitzetan.
Sailburuak, Iñigo Urkulluren ondoan, agerraldiaren hasieran. Argazkia: EFE.
Albisteak (4)
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak ziurtatu duenez, Verter Recycling SL enpresa da otsailaren 6an luizia izan zuen Zaldibarko zabortegiaren "segurtasunaren erabateko arduraduna". Arriolak agerraldia egin du astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzako hiru sailbururekin batera, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Jaurlaritzak luiziaren ostean egindako kudeaketa azaltze aldera. Agerraldi horretan bertan, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi du zabortegiko ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari dela eskatzen, lurperatuta jarraitzen duten bi langileak "segurtasunez" topatu ahal izateko.
Osasun sailburu Nekane Murgak eta Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek ere egin dute agerraldia. Murgak nabarmendu du ulertzen dituela "herritarren zalantzak", bai eta horien "ezinegona" ere, baina, ziurtatu duenez, "ez gaude alerta-egoeran"; San Josek esan du Eusko Jaurlaritzak jarraipena egingo diela luiziaren osteko erreskate-lanetan ibilitako langile guztiei, alegia, amiantoak eragindako arriskuaren mendean egondako beharginei.
Iñaki Arriolak zehaztu du 2019ko udan ikuskapen "zehatza eta zorrotza" egin ziotela zabortegiari, eta 23 "desbideratze" antzeman zituztela, baina bat ere ez zela larria, eta, gainera, ez zutela loturarik egonkortasunarekin. Arriolak adierazi duenez, "kontrakoaren zantzurik topatu izan balitz, beharrezko neurriak hartuko ziren, eta beharrezko premiarekin".
Sailburuak onartu du "desbideratzeen kopurua altua" izan zela, baina "desbideratzeak ez ziren esanguratsuak edo larriak", erantsi du. Hortaz, "ez zegoen arrazoirik zabortegiak egonkortasun-arazorik zuela pentsatzeko, eta, are gutxiago, tamalez hilaren 6an izandakoa bezalako luizirik gerta zitekeela aurreikusteko", azaldu du.
Arriolaren esanetan, 2017an eta 2018an egindako kontrol topografikoetan "aipamenen bat egiten zitzaion ezegonkortasunari, oso lausoa eta zehaztugabea". Horiek izan ostean, enpresak ez zuen aparteko neurririk hartu.
Horren arabera, zabortegia hasieran aurreikusi baino arinago ari zen betetzen, baina, horren hitzetan, ez dago horretarako legezko mugarik: "Ustiapen plan zuzena egon behar da, eta Ingurumen Baimen Bateratua betetzeko beharra dago; horrek egiten du enpresa erabateko arduraduna izatea zabortegiaren segurtasunean eta egonkortasunean".
BIDEOA | Arriola: ''Zabortegiaren egonkortasunaren arduraduna enpresa da''
Beltran de Heredia: "Ingeniaritza zibileko neurri konplexuak"
Estefania Beltran de Heredia sailburuak, bere aldetik, adierazi du "ingeniaritza zibileko neurri konplexuak" ezarri behar izan dituztela, luiziaren osteko ezegonkortasun handiagatik. Neurri horien helburua izan da sartzea, ahalik eta arinen eta segurtasun osoz, desagertuta dauden langileak topatzeko aukerarik gehien dagoen gunera, "familien nahia, alegia, gorpuak berreskuratzea, gure egiteko".
Beltran de Herediak azaldu du hasiera batean pentsatu zutela sei langile zeudela arriskuan, baina gerora lau telefonoz topatu zituzten; beste bi telefonoek, aldiz, jotzen zuten, "baina erantzunik ez zen egon".
Sailburuak ziurtatu duenez, "segituan osatu zen krisi-mahai operatiboa", eta bera Zaldibarrera joan zen. Desagertutako langileen lankideen informazioaz baliatuta, "bilaketa-lanak hasi ziren, larrialdi-baliabide guztiak mobilizatuta".
Beltran de Herediak adierazi du bilaketa-lanetan "oztopo handi bat" izan zutela hasieratik: lurraren ezegonkortasuna. Horren ondorioz, bi familia euren baserrietarik atera zituzten, eta geologo bat mobilizatu zuten, egoera azter zezan.
Beste "zailtasun" bat izan zen amiantoa zegoela. Sailburuaren esanetan, hasierako elkarrizketetan enpresako inork ez zien aipatu larrialdietako zerbitzuei "zabortegian amiantoa zuten eraikuntza-materialak zeudela". Bertaratu zen lehen teknikariak esan zuen kartel bat zegoela, eta kartel horren arabera, "hondakin ez arriskutsuak" zeudela hondakindegian: "Hortaz, lehen orduetan, bilaketa-lanak egiten izan ziren langileek ez zuten horren berri izan".
Sailburuak esan duenez, gero adostu zuten neurri prebentiboak luizia gertatu zen puntutik 50 metrora arteko inguruko langile guztiei ezartzea: "Beharrezko neurriak hartzen hasi ginen, bi desagertuak topatzeko lanetan izandako beharginekin, bai eta erabilitako ibilgailuekin eta materialarekin ere". Hortaz, "material egokiekin" hasi ziren berriro lanean, "baina, denborak aurrera egin ahala, lurraren ezegonkortasunaren gaineko albisteak gero eta kezkagarriagoak ziren; horren ondorioz, bilaketa bertan behera uztea erabaki zen, gauerdian. Larunbatean berriro hasi ziren, baina ezegonkortasun-adierazleak gero eta txarragoak ziren, eta euria egiten hasi zen, gainera".
"Hortaz, erabaki zaila baina saihetsezina hartu behar izan zen: azaleko bilaketa bertan behera uztea, eta beste aukeraren bat topatzen saiatzea", azaldu du Beltran de Herediak.
"Astelehenean, geologoen txostena erabakigarri bilakatu zen", horren esanetan, eta hiru puntu kontuan hartu behar zituztela barneratu zuten: ezegonkortasunaren arazoa, sutea itzaltzeko lanak eta bilaketa- eta erreskate-lanak. "Hasieran uste baino askoz ere zailagoa zen", nabarmendu du.
BIDEOA | ''Enpresarekin izandako hasierako harremanetan inork ez zuen amiantorik aipatu''
BIDEOA | Bizilagunen ''ezinegona'' ulertzen du Murgak, baina ''ez gaude alerta-egoeran''
EiTB Kirolak
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa