Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
Ultraeskuinaren kontrako "lehen hesia" udal politika da, Eneko Anduezaren aburuz
PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, "hauteskunde orokorrerako lehen entsegu gisa, eskuinak Voxekin lotutako aliantzan oinarritu du bere estrategia".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, ultraeskuinaren eta populismoaren aurrerakadaren kontrako "lehen antidoto eta hesia" da udal politika. Larunbat honetan Donostian PSE-EEk egindako udal biltzar bat itxi du Anduezak. Bi mahai-inguru izan dira, eta Donostiako, Bilboko eta Gasteizko alkategai sozialistak izan dira bertan (Marisol Garmendia, Nora Abete eta Maider Etxebarria, hurrenez hurren). Mikel Torres Portugaleteko alkateak, Izaskun Gomez Pasaiakoak eta Michel Montes Iruña Okakoak ere parte hartu dute.
Bere hitzaldian Anduezak ohartarazi duenez, "hauteskunde orokorrerako lehen entsegu moduan, Voxekin lotutako aliantzan oinarritu du bere estrategia eskuinak", baina "gainditu ezingo duten harresi bat dago, eta hori udal politika da".
"Herrietan ez dute balio sareetako jazarpen-kanpainarik, ezta albiste faltsuek edo gezurrek, herri batean gezurrik esanez gero, herritarrek antzematen dutelako", adierazi du Anduezak. "Populismoaren aurkako antidotorik onena udal politika da", gaineratu du.